Pello Iratin: harremanak (III)

Erabiltzailearen aurpegia Luis Gurrutxaga 2019ko mar. 4a, 13:00

(Itziar Aranguren)

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken kontaketan genion, Pello Iratin bakartua egon zela udazkenetik udara. Bakartua bai, baina bakarrik ez. Urtean zehar hainbat eta hainbat pertsonaia ezagutzeko eta haiekin nolabaiteko tratua mantentzeko parada izan zuen.

Ezpainetan irribarretxoa du eta begiek diz-diz egiten diote bizi izan zituen harremanez mintzatzerakoan. Horrelako egoeran, noski, hartu-emanei balio handiago ematen zaie.

– Leku ezezagun edo berri batera joaten bahaiz, hango berri edo han zerbait egiteko asmotan bahabil, lehenik herriko apaizarengana jo, Luix.

– Bai, hori lehen izango huan, Pello. Baina orain... apaizak nekez topatuko dituk herri txikietan, ezta?

– Beno, nik zorte itzela izan nian. Bai Orbaizetakoa, Jose Luis, eta bai Garaiokoa, Koldo, izugarri ondo portatu hituan nirekin. Laguntza estimagarria jaso nian beraiengandik.

Urtegiko zaintzailea

Pellori aurpegia liluratzen zaio Aquilino Barberanaz, Irabia urtegiko zaintzaileaz, gogoratzen denean. Txabolatik hiruzpalau kilometrora zegoen haren etxea. Pello bakarrik, eta Aquilino ere bakarrik.

– Beharra sentitzen nuenean edo, bisita egiten nioan. Eta jakina, otordua ziurtatua, ardo eta guzti. Eta agurrean: "Gelditu gaur, eta hemen lo egin". Badakik: biak egoera berean, eta izugarri estimatzen genian elkarren konpainia. Egun batean, elurretan iritsi eta nire erraketei erreparatuz: "Baa!, horiek ez dute balio, ezta...". Zur eta lur gelditu nitian bere aitonak egindako erraketak erakutsi zizkidanean. Pago geruzaz eta zaldiaren zurdarekin egindakoak. Ikusgarriak. Gizon jakintsua eta ona, Aquilino. Berarengandik zenbat ikasi nuen...

Nola diren gauzak. Pellok handik urteetara Aquilinoren biloba ezagutu zuen Azpeitiko saskibaloi taldean jokatzen, ia bi metroko mutil kankailua.

Orbaizetako ola zaharreko familia

Txabolak ez zeuden prestatuta gazta ekoizteko. Arazoari irtenbidea aurkitu nahirik, artzaiei lagundu asmoz, apaizarengana jo zuen Pellok aholku eske. Hark Orbaizetako ola zaharraren ondoan bizi zen familia batengana bidali zuen.

– "Gainera, etxekoandrea euskaraz mintzatzen da". Hori entzun nuenean, nire poza! Garbiñe getariarra huan. Emakume prestua. Gizona, bertakoa; hitz gutxikoa, baina era berean hurbila. Lau seme-alabekin bizi hituan. Eta badakik zein zen semeetako bat? Mikel, Mikel Zabaltza.

Bai, handik lau urtera Intxaurrondoko zorigaiztoko koartelean basatiki torturatua, erahila eta Bidasoa ibaira jaurtia izan zena. Hau kontatzean, Pello nostalgiaz gainezka sentitzen da, harreman zintzoa eta leiala baitzuen familiarekin.

Memorian baditu beste harreman batzuk, adibidez, Iparraldeko hiru artzainekin bizitakoak, –"hiru artista"–, baina datorrenean kontatu beharko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide