Uztarria Komunikazio Taldeak bat egiten du biharko, Martxoaren 8ko, greba feministarekin. Uztarriako kazetari guztiak emakumeak gara –langileen %75–. Dena den, herri komunikabide gisa, uste dugu gure erantzukizun soziala dela greba feministaren jarraipena egitea eta herritarrei mobilizazioen berri ematea. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak eskainiko ditu Uztarriak. Hain zuzen ere, Uztarria.eus atarian Martxoaren 8ko deialdien jarraipena egingo dugu, baina erredakzioko lantaldeari dagozkion gainontzeko lanak egin gabe geldituko dira.
Komunikazio taldea osatzen duten langileen %75 da emakumezkoa, eta horiek guztiek kazetari lanak egin ohi dituzte. Administrazioan eta salmenta saileko langileak, aldiz, gizonezkoak dira –langileen %25–. Horiek ohiko lanak egingo dituzte bihar.
Martxoaren 8ko grebaren egitaraua
- 10:30. Kalejira. Sanjuandegiko Baigera aurreko plazatxotik abiatuta, herriko plaza nagusira.
- 12:00. Plaza Txikian elkartu, eta pixkanaka herriko plazara sartzen joango dira, bertan lekua hartu eta mosaikoa osatzeko. Txupinazoa botako dute.
- 12:00. Dendak itxita. "Herriko dendariek grebaren aldarriekin bat egiteko, dendak itxiko dituzte", azaldu du Basanderiek talde feministak.
- 14:00. Bazkari feminista, Azoka Plazan. Herriko hainbat gizonezkok prestatuko du bazkaria. Bazkarirako aurrez izena eman behar da. Izena emateko tokiak: Emakume Txokoa, Orkatz, Sanagustin kulturgunea, Baigera I eta Baigera II. Internet bidez ere eman daiteke izena basanderiek@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
- Bazkalondoan, mahai ingurua Azoka Plazan. Gaia: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.
- Arratsaldean, tailerrak: futbola, judoa eta eztabaida txokoa.
- 18:30. Mikro irekia, plazako arkupeetan. Emakumeak animatu dituzte bertan parte hartzera "abestu, irakurri, bertsoak bota, trikitia jo…"
- 20:00. Manifestazioa zaratatsua, Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelo hartuta. Herriko plazatik irtengo du.
- 21:30. Afari autogestionatua, plazako arkupeetan. Janaria etxetik eraman beharko da.
- 22:30. DJ Fina y Segura, plazako arkupeetan.