Blast

Erabiltzailearen aurpegia Miel A. Elustondo 2019ko mar. 7a, 10:16

Miel Anjel Elustondok Uztarria aldizkariaren 2019ko otsaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"1967an, antzokiak betiko uztean, kazetari batek jakin-min handiz galdetu zion Jacques Breli zeri egiten zion ihes. Brelek burua makurtu eta gogoeta egin zuen segundo batzuetan eta, gero, gauzak behin eta berriz eta askotan esan behar dituela dakienaren neke berarekin esan zion... "Inor mugitzen denean, batere mugitzen ez direnek esaten dute ihes egiten ari dela".

Halaxe nik, nora zihoan ez nekien trenera igo nintzen, larre gozoak ikusi nituen bultzi leihotik, herri txiki eta handiak, soro, sagar, mendiak... Trenbidearen akaberara ailegatu nintzenean, ilunabarrean, oinez hasi nintzen. Ez nuen hirian gelditu nahi, eta basoan barrena sartu nintzen. Eta ibili eta ibili, ilunak harrapatu ninduen, batere uste ez nuela, artaburu hutsa banintz bezala. Ordu arte inoiz ez nuen halako ilunpe beltzik inoiz sentitu, hain betea, hain presentea... ezta galipota ere!

Nire lehen gaua baso ilunean.

Aitaz pentsatu nuen...

Anaiaz...

Amaz...

Nik nekiela, Manzinitarretan azkena nintzen.

Ezertarako gauza ez ziren leinu bateko azkena.

Horrek, nolabait, nire bidaia zalantzaz betetako hura berresten zuen.

Inori huts egiteko modurik ez. Ezta inor endredatzeko ere. Kezkatzeko. Edo larritzeko. Familia girgilurik gabe, ni neu nintzen, mugarik gabe.

Aukera ikaragarri handi hark bertigoa ere ematen zuen.

Isiltasuna, eta bakardadea, asmakizun poetikoak dira.

Eta horretaz konbentzitzeko nahikoa da iluntze batean basoan lurrean etzatea.

Bizi likina eta sigi-sagakoak dar-dar egiten zuen humusaren azpian.

Nire inguruan aditzen nuen, kraska, izerditan, irristaka, oihuka, orroka, tantaka.

Lur bigunak hezetasuna berreskuratzen zuen, eta parasitoz eta ustelkeriaz betetako perfume kiratsa zerion.

Inurrizko lurra, gau-animalia handi bat bihurtu zen, ezusteko izugarriz betea.

Egunsentiko isiltasun liluragarriaren arrastorik ez zegoen. Freskotasuna etortzearekin batera, mugimendua eroaldi bihurtu zen.

Sabela lurrean, mundua hara eta hona zebilela sentitu nuen.

Lasaitu egin nintzen nire antza zuela konturatu nintzenean, ez zen-eta inoiz baretzen.

Hurrengo egunetan oinez ibili nintzen, herriak eta kaminoak saihestuz, ahal zela.

Pausoz pauso, nire historia atzean uzten ari nintzen, azal zaharra balitz bezala, bestelako ziurtasun berri bat nire jabe eginda.

Irrika ezezagun batez ikusten nuen nire mundu berri hura.

Hankak txindurrituta gelditzen nintzenean, naturaleza kontuz ixten zen nire inguruan, eta ni haren legio isiletakoa egiten nintzen.

Isil-isilik ikasi nuen, inork ezer ez zuen-eta esaten.

Baina blast-a ez zetorren.

Eta edatekorik ez nuen batere.

Ezer ez.

Orduan bai, herri batera joan behar izan nuen.

Denda batera sartu nintzen.

Eskuetan poltsa bana nituela irten nintzen handik.

Botilaz beteak biak.

Jolasean ari ziren neska-mutikoen artetik pasatu nintzen, basora bidean berriz”.

Larcenet, M. (2010) Blast. Koipe bola. Bartzelona. Norma.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide