Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea egingo du Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Basarte poligonoaren bidegurutzean. Foru Aldundiak gaur argitaratu ditu proiektuaren gaineko xehetasunak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).
Erakundearen arabera, Basarteko bidegurutzean "arazo larriak" sortzen dira, eta horiek konpontzeko egingo dute biribilgunea: "Basarte poligonora sartzeko bidegurutzea Azpeitiko eta Azkoitiko udalerrien arteko mugan dago, eta T motako bidegurutze bat da. Sarbide hori, ordea, bihurgune baten barrualdetik hartzen da, eta bihurgune hori GI-631 errepideko bi lerro zuzenen artean dago. Aldi berean daudenez, alde batetik, bihurgunea, bidegurutzeari ikuspena kentzen diona, eta bestetik, errepideko bi lerro zuzenak, zirkulazio abiadura handia ahalbidetzen dutenak, egoera gatazkatsuak sortzen dira bidegurutzearen funtzionamenduan". Egoera horien adibide gisa, honako hauek aipatu ditu Foru Aldundiak: "Alde batetik, istripuak, aipatutako industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiteko orduan. Bestetik, oinezkoentzako arriskua, aipatutako errepidea gurutzatzeko orduan, poligono aldeko espaloitik pasealekura joateko. Eta, azkenik, leku segururik ez egotea autobusak gelditzeko". Arazo horiek ekiditea da gaur argitaratutako proiektuaren helburua.
Bide Azpiegituretako Departamentuak egindako proiektuan jasotzen denez, biribilgune zirkular bat, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz ziklisten pasabidea egingo ditu Foru Aldundiak Basarteko bidegurutzean. Horiez gain, honako lan hauek ere egingo dituzte: bide zorua berritzea; eragindako zerbitzuak birjartzea (drainatze sarea, eta ur hornidurako hodi bat, Gipuzkoako Urak erakundearena); bi paldo lekuz aldatzea; zonako argiteria-sare berri bat egitea eta lorezaintza-lanak.
Obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 315.594,30 euro da. Horri % 21eko BEZari dagozkion 66.274,80 euro gehitu behar zaizkio. Obrak egiteko hiru hilabete beharko dituztela aurreikusten du Foru Aldundiak.