Emakumeen Nazioarteko Egunean, adierazpen instituzionala kaleratu du Udalak

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 11:46

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta horri lotuta, adierazpen instituzionala kaleratu du Azpeitiko Udalak. Martxoaren 8an, "Emakumeok planto egitea eta Bizitzak erdigunean jartzea" aldarrikatuko du erakundeak. Azpeitiko mugimendu feministak hainbat eragilerekin batera antolatutako ekintzetan parte hartzera animatu ditu Udalak herritarrak.

Emakumeen Nazioarteko Egunean, honako adierazpen instituzional hau kaleratu du Azpeitiko Udalak:

Gizarteak mezu argia jaso zuen 2018an, Mugimendu feministak Martxoaren 8rako egindako emakumeen lan-etenaldi deialdiari eman zitzaion erantzunaren aurrean: kaleak bete ziren eta elkarlan-sareak sustatu, emakumeek beren aukera-berdintasuna erreklamatzeko abian jarrita zuten borrokak atzera bueltarik ez zuela.

2019rako ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, Bizitzak erdigunera! lelopean. Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea.

Gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko lanean, gure Udaletik ere Martxoaren 8an Emakumeok planto egitea eta Bizitzak erdigunean jartzea aldarrikatuko dugu.

Eta zer esan nahi du azken horrek, zehazki?

Gure bizitzak sostengatu eta horiek erdigunean jartzeko ordainduak eta ordaindugabeak diren lan guztiak beharrezkoak diren heinean, nagusiki emakumeoi egokitu zaigun zaintza-lan hori guztia eremu pribatu horretatik atera behar dugula; hau da, zaintzaren eta etxeko lanen ardura sozializatu behar dela eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu behar dituztela.

Aurrekari horiek aintzat hartuta, Azpeitiko Udalak honako erabaki hauek hartzen ditu:

- Azpeitiko Udalak ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak aurrera eramateko.

- Azpeitiko Udalak ardura hartzen du zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko.

- Azpeitiko Udalak, Mugimendu Feministak deitutako greba dela eta, ardura hartzen du Udaleko emakumezko hautetsiei eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko.

Azkenik, herritarrak deitzen ditu Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan Azpeitiko mugimendu feministak hainbat eragilerekin batera Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan eta ekitaldietan aktiboki parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide