Joan zen Martxoaren 8an egindako mosaiko erraldoian hartutako irudiekin osatutako bideoa da hau. Hona hemen hitzartzean irakurri genuen testua:
"Iritsi da Martxoaren 8a, emakume langileon eguna. Beste urte batez, Euskal Herriko eta munduko emakumeek, trans eta bollerek berriro planto egin dugu bost ardatzetan oinarritutako greba feminista honetan: zaintza greba, pentsionisten greba, ikasleen greba, kontsumo greba eta langileen greba.
Emakume* anitzok lurzoru komun batean sustraituriko borroka artikulatu dugu. Oinarri ideologiko eta helburu politikoak elkarbanatzen dituen lurzorua: feminismo antikapitalista-antikolonialista eta heteroarauaren kontrakoa.
Umetatik ahulak garela erakutsi izan digute, genero rolen arabera hezi gaituzte. Plazak eta kaleak gizonenak direla eta gure lekua etxean dagoela sinestarazi nahi izan digute. Baina hau iraultzera gatoz, eta zuek zarete emakumeok daukagun indarraren adierazle nagusia. Gaur plazak bete ditugu, herriz herri eta auzoz auzo, gureak ere badirela aldarrikatzeko, aupa zuek!
Emakumeok*, borroka luze baten ondorioz, enplegu lanetara salto egin genuen emantzipazio ekonomikoa lortzeko asmotan; baina beste aldera, ez da inolako jauzirik eman. Umeen zaintza lanak eta etxeko garbiketak zein otorduen prestaketa emakumeon esku geratu dira. Zapalkuntza hauez gain, lantokietan dauden soldata arrakalak sufritzen dihardugu oraindik ere. Lana bilatu nahi dugunean haurdun geratzeko asmoa dugun galdetzen digute, sektore maskulinoetan oztopoak jartzen dizkigute eta sektore feminizatuek duten balioa ukatzen da. Bizi baldintzen okertze orokortua normalizatzen ari gara sistema heteropatriarkal kapitalistaren baitan, eta hau eraldatzeko garaia iritsi da.
Bizitza lanean pasa dute emakume askok, maitasunaren izenean bizkar gainean eraman dituzte zaintza lan guztiak, inoiz ordain saririk jaso gabe. Zahartzaroan prekarietate egoera larrietan aurkitzen dira gaurkoan. Honen aurrean ordea, badago argi izpi bat, elkartasuna oinarri hartuta emakume pentsionistak antolatzen ari dira eta borroka hau gurea ere badela ozen adierazi nahi dugu.
Helduen zaintza lanei erreparatzen badiogu ere, emakumeok egiten ditugu etxe barruan zein kanpoan. Zaintza lanak emakume izate hutsagatik egin beharreko lan gisa ulertu izan dira gizartean. Honek emakume asko arnasa hartzeko astirik gabe utzi ditu, eta bizitza baldintzatu die. Gainera, soldatapekoa den kasuetan ere, baldintza txarretan lan egitera behartuta daude langileak. Horren adibide dira helduen egoitzetan lan egiten duten emakumeak. Horregatik, horiek jasaten duten egoera prekarioa salatu nahi dugu. Bestetik, asko dira etxeko barne zaintzez arduratzen diren emakume migratzaileak, aisialdi tarterik gabeko ordutegi ankerrak eta arrazakeria jasan behar izaten dituzte Egoera hau onartezina deritzogu.
Gure gorputzen jabetza ukatu digute eta horien inguruko erabakiak gizonez osatutako bileretan hartu dituzte. Garen bezala onartu eta maitatu beharrean, ezinezko edertasun kanonak ezarri dizkigute. Nola harremandu behar garen kontrolatu nahi izan dute maitasun erromantikoaren ipuina salduz eta heteroaraua ezarriz. Guk, ordea, asko eta anitzak garela oihukatu nahi dugu, eta, horrenbestez, emakume transek pairatzen duten zapalkuntza ere gogor salatu nahi dugu.
Indarkeria gure azaletan bizi izan dugu, ukitu gaituzte, bortxatu egin gaituzte. Eraso matxisten inguruko epaiak ere, gizonezkoek erabaki dituzte eta gure hitza isilarazi nahi izan dute. Subjektu izaera ukatu zaigu eta emakume* izate hutsagatik erail gaituzte. Ezin dugu irakurketa amaitu bidean galdu ditugun ahizpa guztiei eta beraien gertukoei besarkada estu bat bidali gabe, maite zaituztegu!
Ahizpatasunez eta konpromisoz antolatu gara Martxoaren 8an bizitzak erdigunean jartzeko asmoz, bidea luzea da baina elkarrekin lortuko dugu.
Gora borroka feminista!"