Plazan jarraituko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Eneritz Albizu Lizaso 2019ko mar. 14a, 09:01

(Itziar Aranguren)

Eneritz Albizuk Uztarria aldizkariaren 2019ko martxoko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Memoria laburra dugu. Ahaztu egiten zaigu nondik gatozen; eta horrela, jakina, zaila da nora joan jakitea. Martxoaren 8aren atarian, kezka sortzen didate hainbat diskurtsok. Horregatik diot nondik gatozen jakitea ezinbestekoa dela. Beharrezkoa da atzera begiratzea, eta ikustea gure aurrekoek zenbat lan egin duten gu hemen eta honela bizi gaitezen. Gogora dezagun ez direla urte asko igaro emakumeak lehen aldiz botoa eman zuenetik. Hego Euskal Herrian, 1933an izan zuten emakumeek aukera hori; eta Ipar Euskal Herrian, 1945ean. Gure aiton-amonen garaiko kontuak dira, bi egun historiaren joanean. Eta horrekin batera, hezkuntza jasotzeko eskubidea, jabetzak izatekoa, gizon batekin ezkondu gabe norbait izateko eskubidea. Horiek guztiak gaur egun geure egiten ditugun eskubideak dira. Baina geure egite horretan, ahaztu egiten zaigu ez direla zerutik eroritakoak, ez direla betidanik izan ditugunak; eta, aldi berean, ez direla betirako izango, ez baditugu defenditzen behintzat.

Berdintasunari begira, urrats asko ditugu egiteko. Nazio Batuen Erakundearen arabera, herrialde guztien batez bestekoa eginda, lanordu berak egiteagatik emakumeen soldata gizonena baino %23 baxuagoa da. Lan merkatuan, umetoki bat bezala ikusten da emakumea, eta zaintza lanak berezkoak dituela saldu nahi digute. Publikoki aurpegia eman behar duten emakumeek beti jasan beharko dute besteen begirada: itxura fisikoa komentatuko dute, janzteko modua, eta gizonez baino hamar bider gehiago hitz egingo dute beraiez. Ez du bukaerarik: indarkeria matxista, behartutako ezkontzak, mutilazioa... Beraz, gure eskubideen alde borrokan jarraitzea eta plaza hartzea dagokigu, aurrera egin dezagun, eta ez atzera.

Gauza bera gertatzen zaigu euskararekin. Azpeitian euskaraz bizi gaitezke, lasai eta gehiengoaren babesarekin. Baina hori ere aurretik lan handia egin dutelako da. Uztarria bera, normaltzat hartzen dugu. Munduko gauzarik normalena iruditzen zaigu egunero herriko albisteak euskaraz irakurtzea eta eskuartean duzun aldizkari hau jasotzea. Baina ez zen erraza izan haren hastapena, eta hainbat herritarrek eginiko ahaleginagatik dugu pribilegio hau. 1999ko azaroan argitaratu zen Uztarriaren lehen aldizkaria. Hogei urteren buruan, hemen gaude, Uztarria betidanik izan dugun zerbait balitz bezala.

Hurrengo bat arte

Niri ere, nondik natorren ahaztu gabe eta nora noan erabakitzeko ahalegin honetan, zuei "hurrengo bat arte" esatea tokatzen zait orain. Genero berdintasunaz eta euskararen normalizazioaz jardun dut gaurkoan; bizitza honetan zerbait banaiz, emakumea eta euskalduna naizela sentitzen dudalako, eta borroka horiek nire egiteak indar eta ilusio handia sortzen didalako.

Hemendik aurrera, beste herritar batek hartuko du orrialde honen erreleboa. Plazera izan da zuen aurrean biluztea, pentsatzen eta sentitzen dudana konpartitzea. Hegan pasatu zaizkit lau urte hauek. Eskerrik asko, irakurri nauzuenoi eta kritikak egin dizkidazuenoi. Asko ikasi dut, eta horretan jarraitzeko asmoa dut. Emakume eta euskaldun bezala, plazan jarraituko dut. Plazan jarraituko dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide