Deba-Urola barrutiko hautagaitza aurkezteko ekitaldia egin du gaur EAJk Azpeitian, Olazko Andre Mariaren plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusi izateko hautagaia, Maria Eugenia Arrizabalaga Deba-Urola barrutiko zerrendaburua, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Azpeitiko alkategai Amaia Etxeberria, Azkoitiko alkategai Javier Zubizarreta eta Zestoako alkategai Garikoitz Mendizabal. Horiez gain, Deba-Urola barrutiko zerrendetako hainbat kide ere izan dira ekitaldian, baita Azpeitiko EAJko hainbat alderdikide ere.
Maria Eugenia Arrizabalagak egin du ekitaldiaren irekierako hitzartzea, eta datorren maiatzaren 26an egingo diren udal eta foru hauteskundeei begira jarri da. Zerrendetan aurkeztuko diren guztiek parte hartzeko eman duten "pausoa" azpimarratu nahi izan du. "Gure gizartea indibidualista omen da, eta horren eskutik, konpromisorik eta konplikaziorik ez du nahi jendeak, bakoitzak berearekin nahikoa du. Zaila da herrigintzara salto egiteko prest dagoen jendea bilatzea, aisialdiari eta familiari denbora lapurtzeko prest dagoena. Horregatik balio berezia du eman duzuen pausoak, denon etxea den herria maite duzula erakutsi duzuelako. Eskerrik asko herrigintzarako saltoa ematea erabaki duzuelako. Herriarekin konpromisoa duzuela agerian utzi duzue".
Jarraian, Markel Olano ahaldun nagusiak hartu du hitza. Amaitzear den agintaldiaren errepasoa egin du hark, eta lau urteotan herriari emandako "hitza bete" dutela nabarmendu du. "Duela lau urte, Gipuzkoa blokeatuta zegoen, giro txarrean, giro nahasian, eta gainera, aldundia enfrentatuta zegoen gizartearekin. Hori gainditzea herritar guztion meritua da, baina baita hautatuak izan ginenok egin dugun lanaren ondorioa ere. Gure helburua ez da izan inposaketa: lehenik eta behin, herritarrak errespestatu ditugu, eta gero, elkarlanean jardun dugu". Segidan, Urola bailarako proiektu batean jarri du arreta diputatu nagusiak: hain zuzen ere, Azkoitia eta Urretxu arteko errepidean. "Bailara honetan, aspalditik ari ziren aldarrikatzen errepide hori konpontzea, eta obra hori martxan jartzea zen gure konpromisoa. Aurtengo aurrekontuetan sartu dugu horretarako partida, eta urte honetan bertan hasiko dira Aizpurutxoko zatia egokitzen. Hitza bete dugu, eta datorren legealdian errepideko lanak egiteko konpromisoa hartzen dut".
Gaur-gaurkoz, "debate politikoan gauza dezente bueltaka" dabilela gogoratu du Olanok, baina Espainiari begiratuta, "giro nahasia" nabari dela adierazi du, "gezurra eta krispazioa" tarteko. "Nik esango nukeena da giro horretan kaltetu inportanteenetakoa gure gizartearen kohesioa eta etorkizun eknomikoa dela". Bien bitartean, EAJ "arlo ekonomikoan nahiz politikoan Gipuzkoa indartzen" ari dela azaldu du. "Gipuzkoak ekonomia indartsua izan behar du lurraldea sendoa izan dadin".
Joseba Egibarrek, berriz, apirilaren 28an egingo diren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izan ditu hizpide. "Hemen eta han, gure herriaren eta herritarren defentsan ariko gara, guztion etorkizunaren defentsan, libreago izango den euskal nazioaren defentsan, herrien eta nazioen erabakitzeko eskubidearen defentsan". "Herria, herritarrak, etorkizuna eta erabakitzeko eskubidea" izango direla EAJren ardatzak nabarmendu du.
Honako hau da Deba-Urola hauteskunde barrutirako GBBren proposamen bateratzailea:
1. Maria Eugenia Arrizabalaga Olaizola
2. Imanol Lasa Zeberio
3. Aintzane Oiarbide Iruretagoiena
4. Xabier Altuna Larrañaga (Azpeitia)
5. Andrea Arriola Ferrer
6. Arantxa Zubizarreta Artetxe
7. Xabier Otxoa Muñoz
8. Ana Azkoitia Urteaga
9. Jon Ander Azpiroz Otaegi
10. Nerea Aldai Garate (Azpeitia)
11. Ivan Iriondo Axpe
12. Maialen Gurrutxaga Uranga
13. Aitor Urresti Martinez
14. Jose Ramon Zubizarreta Alegria
Ordezkoak:
1. Miren Elixabete Huegun Arruabarrena
2. Jesus Arana Gomez
3. Nekane Iribar Iriondo