"Molde berriko" etxebizitzen gaineko prozesua aurkeztuko dute bihar

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 12:58

Sanagustin kulturgunean emango dituzte Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailearen gaineko xehetasunak, 19:00etan hasiko den bilera irekian. Horrekin batera, Euskal Herrian zein munduan dauden etxebizitza eredu desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Otsailean iragarri zuen Udalak "molde berriko" etxebizitzak eraikitzeko prozesua martxan jarriko zuela. Azpeitia, elkarrekin bizi! izena jarri diote herritar guztiei, baina bereziki gazteei, zuzenduta dagoen prozesu parte-hartzaileari, eta orduan aurreratu bezala, bihar egingo dute prozesuaren barruko lehen bilera irekia. Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan. Bertan, prozesu parte-hartzailearen gaineko xehetasunak emango dituzte, eta horrekin batera, Euskal Herrian zein munduan dauden etxebizitza eredu desberdinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Azpeitirako etxebizitza eredu berriak aztertzea eta abian jartzea da hastear dagoen prozesuaren azken helburua, "etxebizitza komunitarioak, kooperatibak... hamaika eredutako etxebizitzak eraikitzeko aukera aztertzea, parte-hartzaileen artean adostea eta egitea", hain zuzen ere. Hiritik-at kooperatiba aukeratu dute Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesua gidatzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide