Zer kontatzen dute labetik atera berri dituzun disoluzio agiriek?
Kimikatik datorren kontzeptua da disoluzioa, baina izan dezake irakurketa soziala, politikoa eta ekonomikoa. Horrek eman dit izenburua asmatzeko jokoa; izan ere, disoluzioa bada aldaketa bat, eta adinean aurrera goazen eran, aldaketa dezente bizitzea egokitu zaigu, era guztietakoak: pertsonalak eta beste modu askotakoak. Gauza askoren nahastea edo urtzea irudikatu nahi izan dut. Liburuan sartu ditut, besteak beste, bizitako nahiz pentsatutako hainbat kontu zein estimulu. Disoluzioaren kontzeptuak ezpal edo zain bat baino gehiago eman ditzake bere polisemian. Beraz, norberaren galbahe horretatik pasatu eta kanpoan gertatzen diren gauza horiek barneratzeko modu bat da lan hau. Agiriena, aldiz, bizi dudan garai honen testigantza gisa uler daiteke.
Lanaren aurkezpenean aipatu zenuen "garai likido hauetan" identitateak har ditzakeen "hainbat tasuni" erreparatu diezula azken lanean. Zer esan nahi duzu "garai likidoak" diozunean?
Erreferentzia egiten diot, gutxiago edo gehiago, garai gatazkatsuei, garai helgaitzei, bere nondik norakoen ardatz nagusiak harrapatzea erraza ez den garaiei. Likidoak diodanean, askotarikoak esan nahi dut. Norabide ugarikoak eta ulertzeko zail egiten zaizkidanak. Garai likidoak dira, beraz, segurtasunik gabeko garaiak, egi handirik gabekoak. Egoera horretan, nire gorputzetik abiatuta eta nire bizipenetatik hasita egiantza bilatzen saiatu naiz, aldi berean, kolektiboen zein espazio komunen garrantzia azpimarratuz.
Nola bizi testuinguru horretan?
Mundu nahas-mahas handi honen barruan, partikularra denari ematen dio garrantzia poesiak. Eta, aldi berean, nor bere kapsulatik irteteko bidea da. Nola egiten den hori? galdera ona. Liburu honetan nabarmen hitz egiten dut nitasunetik. Ahalegina egin dut inguruak erakusten duena behatzeko, eta horren aurrean zer egin pentsatzeko. Hau ez da auto-laguntza liburu bat, neuk bizitakoa eta hausnartutakoa poetikoki adierazten duen lana baizik. Saiatu behar gara gure kapsulatik irteten eta espazio komunak bilatzen. Disoluzioa desegitea bada, endekatzea, urtzea… bilatu beharko dugu aurrera begirako soluzioa. Uste dut gehienok oso desberdinak ez garela barrura eginez gero, eta hor bila ditzakegula espazio komun horiek
Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.