Azpeitiar batek jasoko du gizarte langileek pentsiodunen mugimenduari emango dioten saria

Uztarria.eus 2019ko mar. 27a, 13:42

Pentsio duinen aldeko manifestazioa, 2018ko maiatzean.

Donostiako Miramar jauregian egingo dute, ostiralean, Estatu Mailako Gizarte Lanaren VII. Sarien banaketa ekitaldia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduari emango diote sarietako bat, eta Gipuzkoako bi pentsiodunek jasoko dute saria, guztien izenean. Arrosa Borda azpeitiarra izango da horietako bat.

Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak Estatu Mailako Gizarte Lanaren VII. Sariak banatuko ditu etzi, ostirala, Donostian. Sarietako bat, gizarte arloko erakundeei, elkarteei edota taldeei dagokiena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduari emango diote aurten gizarte langileek. Pentsiodunen mugimenduak hala erabakita, Gipuzkoako bi ordezkarik jasoko dute saria guztien izenean: errenteriar batek eta Arrosa Borda azpeitiarrak.

Euskal pentsiodunen mugimendua "eredugarria" da sariketaren arduradunentzat eta horiek "erakutsitako gizarte konpromisoa" saritu nahi izan du Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak. "Gizarte langileok bat egiten dugu pentsio sistema publikoareb aldeko borrokarekin eta borroka horretan erakutsi duzuen iraunkortasunarekin", dio, besteak beste, sariaren berri emanez pentsiodunek jaso duten gutunak.

Miramar jauregiko Julio Caro Baroja aretoan egingo dute ostiraleko sari banaketa ekitaldia, 18:00etan hasita; ekitaldi irekia izango da, baina derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Pentsiodunek jasoko dutenaz gain, beste bi sari emango ditute ekitaldian: Ana Isabel Limak jasoko du gizarte langileen lana eta ibilbidea aitortzen duen saria; eta Sandra Sabates kazetariak, berriz, komunikazio arlokoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide