"Kirola egiten ez dudanean zerbait falta zaidala sentitzen dut", dio Xabier Lasak (Azpeitia, 1973). Gaur egun, lasterka egiteagatik eta horretan lortu dituen balentriengatik da ezaguna azpeitiarra, baina atletismoa ez du izan betidanik lehentasuna eta lehen kirola. Izan ere, korrikalariak aitortu duenez, "berandu samar" hasi zen korrika egitea serio hartzen; 25 urte inguru zituela, hain zuzen ere.
Hala ere, kirolak beti eduki du tartea Lasaren bizitzan. Gaztetxoa zela, kuadrillakoekin eskolan hasi zen futbolean jokatzen, eta horretan jarraitu zuen urte batzuetan. "Gerora ikusi nuen futbola ez zegoela niretzat eginda, eta atletismoaren bidea hartu nuen", gaineratu du. Korrika egitean, "gustura eta eroso" sentitzen dela dio, eta Lasarentzat horixe da garrantzitsuena. "Niretzat lasterka egitea hobby bat besterik ez da”. Eta horrexegatik, Lasak ez du uste atletismoa bere ogibide bihur daitekeenik. Haren esanetan, bere kasa ibiltzen da korrika, inongo presiorik gabe. "Ez nago inongo taldetan federatuta; izan ere, neure erritmoan jarraitu nahi dut atletismoaz gozatzen".
Lasak dioenez, atletismoa ez da oso kirol garestia, baina aitortu du diru pixka bat "kentzen” duela. Azpeitiarrak esan duenez, korrika egiteko erabiltzen dituen zapatilak bi hilabetean behin aldatzen ditu, eta horrek kostua duela argitu du. Horrez gain, lasterketa askotan izena emateagatik ordaindu egin behar dela ere adierazi du. Korrika egitea musutruk ateratzen ez bazaio ere, horrek eragiten dion kostua ez da esfortzu handia Lasarentzat: "Badakigu zer izaten den: gustuko lekuan aldaparik ez".
Beraz, korrika bai, baina lana ere bai. Erdi edo goi mailako ikasketarik ez zuen egin Lasak, eta 18 urte besterik ez zituela hasi zen lanean. Halaxe jarraitu du gaur arte: "19 urte igaro nituen enpresa batean lanean, baina krisiaren ondorioz, enpresa itxi egin behar izan zuten, eta lanik gabe gelditu nintzen". Egun, ordea, galdarak egiteko soldatzaile lanetan aritzen da Errezilgo Domusa enpresan. Hainbat errelebotan egiten dute lan kooperatiba horretan, baina azpeitiarrak azaldu duenez, azkenaldian goizez aritzen da beharrean. "06:00etan sartzen naiz lantokira, eta 14:00ak arte aritzen naiz lanean. Egia esan, gustura joaten naiz lanera. Eguerdian, handik bueltatzean, bazkaldu, kafea hartu eta siesta egiteko ohitura daukat. Eta ondoren irtetzen naiz korrika egitera".
Kirol gehiago ere bai
Atletismoaz gain, beste gustuko kirol batzuk ere baditu azpeitiarrak. "Korrika baino gutxiago, baina bizikletan ere ibiltzen naiz". Ondo gogoratzen du hark Mandubi gainera bizikletan lehendabizikoz igo zen aldia. "Lehen buelta izan zen ordukoa, eta harrezkero, hobetzen jarraitzea izan da nire helburua". Txirrindularitzaren munduan, erreferente moduan izan du Miguel Indurain, eta hura erretiratu zenetik, Lasak ez du aurkitu hainbeste estimatzen duen txirrindularirik.
Futbolzalea ere bada, baita Athleticzalea ere. Lasaren kuadrillan bera ez da salbuespena, ordea; bat baino gehiago dira talde zuri-gorriaren aldekoak, eta hark adierazi du, gazteak zirela, Athleticek eta Real Madrilek jokatzen zuten partida bakoitzeko saiatzen zirela Bilbora neurketa ikustera joaten. "Bilbon pote batzuk hartu, partida ikusi, afari ederra egin, eta etxera bueltatzen ginen", gogoratu du.
Euskal musikaren zalea
Kulturak ez du denbora gehiegi hartzen Lasaren bizitzan; ez da bere indargunea. Haren hitzetan, zinera joan zen azken aldia duela sei urte inguru izan zen: "Cyrus filma ikusi nuen, eta harrezkero ez naiz zinema areto batera bueltatu. Izan ere, ez dut asko atsegin zinema". Liburuak ere ez ditu asko maite. "Ez dut liburu askorik irakurtzen, baina hori bai, egunkaria egunero irakurtzen dut; batez ere, paperean".
Musika bai, musika atsegin du azpeitiarrak; batez ere, euskal musika, euskarazkoa, eta musikari gogokoenen artean ditu, besteak beste, Mikel Urdangarin eta Benito Lertxundi abeslariak. "Hala ere, parrandan-eta giroan sartzean, bestelako musikaz ere gozatzen dut".
Lasak aitortu duenez, teknologia berrien fenomenora ez da askorik moldatu oraindik: "Justukorako erabiltzen ditut, ez naiz teknologiaren zale amorratua. Dena den, oinarrizko gauzetarako erabiltzen ditut gailuak".
"Parrandazale" fama
Kirolaria festazalea ere bada. "Kuadrillan parrandazalea naizela diote", esan du azpeitiarrak barrez. Eta nolabait, hori diotenei arrazoia ematen die Lasak. Izan ere, gazte-gaztetatik kalera irteteko eta kuadrillakoekin afaritxoak egiteko ohitura duela aitortu du: "Asko gustatzen zait lagunekin elkartzea, otorduak egitea...". Egunerokoan korrika aritu arren, eta proba garrantzitsurik ez badauka gertu diren datetan, elikadura ez duela "askorik" zaintzen ere jakinarazi du: "Etxean jartzen dutena jaten dut. Hori bai, behin kalera ateratzen banaiz, aukeran nahiago dut herrigunetik kanpo lasai-lasai afaltzea, eta ondoren, parrandara jaistea". Eta badu horrek zergati bat. "Ez zait batere gustatzen ni taberna batean afaltzen egotea eta inguruan poteatzen dabilen jendea begira edukitzea", gaineratu du.
Festazale fama izanik, herriko jaiez galdetu egin behar. Eta galdera horri erantzuterakoan ez du zalantza izpirik Lasak: "Gehien gustatzen zaizkidan Azpeitiko festak egunez ospatzen direnak dira, eta bateren bat nabarmentzekotan, batez ere, Elegante Eguna eta santotomasak aipatuko nituzke. Egun horietan, goiz eta eguerdi partean, plazan eta Alde Zaharreko kaleetan sortzen den giroa izugarria izaten da".