Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna izenburupean, egun osoko jardunaldiak izango dira zapatuan, Emakumeen Txokoan. Goizean mahai ingurua egingo dute Onintza Legorburuk eta Eli Pagolak, eta Garbiñe Bereziartua arduratuko da saioa gidatzeaz. Tertulia 11:30ean hasiko da, eta nahi duten herritar guztiek izango dute Emakumeen Txokora bertaratzeko aukera. Arratsaldean, berriz, Nokadromo izena eman dioten egitasmoa egingo dute. Hain zuzen ere, 15:30ean hasita, noka praktikan jartzeko aukera izango dute hala nahi duten emakumeek. Saioetarako ez dago aurrez izena eman beharrik.
Jardunaldiak antolatzeko ideia herriko bi emakumek izan zuten; izan ere, horiek nokari buruzko topaketak egin nahi zituzten adin desberdinetako emakumeekin. Hala azaldu du Ione de la Cruz Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak: "Ideiari bueltak ematen hasi ginenean, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza Azpeitiko hitanoari buruzko ikerketa egiten hasita ziren herrian, eta Bereziartuari galdetu genion posible ikusten al zuen hitanoaz analisia egitea genero perspektiba kontuan hartuta". De la Cruzek azaldu duenez, Bereziartuak fokua "ahalduntzean eta emakumeek hitanoz hitz egiteko duten moduan" jartzea proposatu zion. "Goizeko mahai inguruan parte hartuko duten Eli Pagolak eta Onintza Legorburuk hainbat lan egin dute nokaren inguruan eta beste hainbat esperientzia bizi izan dituzte beren herrietan; horiek azalduko dituzte saioan".
Nokadromoa, berriz, hainbat arrazoigatik antolatu dute. Izan ere, De la Cruzek esan duenez, ez da kasualitatea bereziki noka izatea herrian galtzen ari den hitz egiteko modua. "Nokaren transmisioa aitzakia hartuta, haren erabileran eragiteko modu bat izan daiteke emakumeak elkartzea eta saretzea, eta horixe egingo dugu". Hark adierazi duenez, jolasen bidez nokaren erabilera bultzatuko dute Nokadromoarekin, eta bi lagun ariko dira ariketak proposatzen eta dinamizatzen. "Elkartzen garen lagun kopuruaren arabera, hausnarketa bideratuak, jolasak, elkarrizketak... proposatuko dituzte, modu arinean". Esperientzia berri bat sortu nahi dute nokaren transmisioan eragiteko eta haren praktika areagotzeko. "Ikusiko dugu aurrera segitzeko aukerarik sortzen den", gaineratu du De la Cruzek.