Larunbat arratsaldean, junior mailako txirrindularien XLV. Uzarragako Igoera jokatu zuten Antzuolan, eta Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia taldeko Alex Urangak hirugarren postua eskuratu zuen. Txirrindulariek Antzuola eta Oñati bitartean 80 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten, Uzarraga gainean kokatuta zegoen helmuga marrara iritsi aurretik. Lasterketaren hasieran hamar txirrindulariko ihesaldia osatu zen, Uranga tartean zela. Iheslariak elkarlanean aritu ziren, eta horri esker, azkenengo mendatea minututik gorako aldearekin hasi ahal izan zuten. Alde hori nahikoa izan zen helmugara pelotoiko txirrindulariak baino lehenago iristeko. Uranga hirugarren sailkatu zen Iñaki Diaz (Limousin-Oriako) eta Diego Uriarte (Lizarte-Ermitagaña) txirrindularien atzetik.