Korrikaren 21. edizioa gaur, igandea, pasatu da Hazparnetik (Lapurdi), eta Azpeitiko Udaleko ordezkariek hango hainbat ordezkarirekin batera eraman dute lekukoa ibilbidearen zati batean. Azpeitiarekin senidetuta dagoen Lapurdiko herriko kideekin batera eraman dute lekukoa Aitor Bereziartua eta Estitxu Elduaien zinegotziek nahiz beste herritar batzuek, orain bi urteko gisan, Azpeitiko Udalak Hazparnen ere erosita baitzuen kilometroa. Azpeitiak eta Hazparnek 1983an hasi zituzten senidetzeko harremanak; 1986an sinatu zuten akordioa.
Azpeitira, berriz, datorren ostiralean iritsiko da euskaren aldeko lasterketa. Aurreikuspenen arabera, 09:24 inguruan iritsiko da Korrika herrira. Azkoititik iritsiko da eta Azpeititik kostalderako bidea hartuko du. (Argazkia: Aitor Bereziartua)