Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiek garaipen ederrak lortu dituzte asteburuan. Larunbatean, Añaresek txiki utzi zuen Galdakaoko Ibaizabal Azkoitiko kiroldegian: 93 eta 56 nagusitu ziren Iraurgikoak LF2ko euskal derbian. Azpimarratzekoa izan ziren harmailetan bildu zen jendetza eta kiroldegian bizitako giro bikaina; Urgi maskotaren Azkoitiko estreinaldia ere bikaina izan zen. Añaresen kanpoko lau jokalariek partida biribila egin zuten, eta Lizundia eta Soraluze etxeko bi gazteak ere bikain aritu ziren.
Liga erregularra amaitzeko jardunaldi bakarra falta da. Añaresek larunbatean sailkapeneko bigarrena den Hijolusaren aurka jokatuko du, Leonen. Irabaziz gero, Luix Agirreren taldeak Tenerifen liga nagusira igotzeko azken fasea jokatuko du. Galduz gero, berriz, baditu sailkatzeko beste aukera batzuk: batetik, Arodik Bartzelonari irabaztea; eta bestetik, Añaresek Pontevedran jokatu eta galdu zuen partidan klubak jarritako helegitearen aurrean federazioak zer erabaki hartzen duen ere kontuan hartu beharko da.
Juaristi ISBk ere sekulako erakustaldia egin zuen Almansaren kantxan. Lolo Encinasen mutilek 61 eta 75 irabazi zuten. Talde osoak lan bikaina egin bazuen ere, Berazaren, Sanzen, Salazarren eta Reavesen ekarpena azpimarratu behar da. Juaristik igande arratsaldeko seietan jokatuko du Murtziaren aurka, Azkoitian.
Korrikarekin bat
Ostiralean Iraurgik, urteoro bezala, Korrikarekin bat egingo du. Nahi duen oro gonbidatuta dago Urgiren alboan korrika egitera. Goizeko bederatzi eta erdietan, Loiolan, Irureta parean, dugu hitzordua. Ttipi, ttapa