21. Korrika

Ostiralean egingo dute ikastetxeek Korrika Txikia

Uztarria.eus 2019ko api. 8a, 14:37

20. Korrika Txikiko irudia.

Azpeitiko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak Korrikara batuko dira datorren ostiralean, hilak 12, anbulatorio parean. Haur Hezkuntzako ikasleek beren ikastetxeetan egingo dute Korrika Txikia.

Datorren ostiralean, 09:24 inguruan sartuko da 21. Korrika Azpeitira, eta herriko ikastetxeek bat egingo dute euskararen aldeko aldarriarekin. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak Korrika nagusiaren atzetik ibiliko dira lasterka zenbait lekutan.

Korrika anbulatorio paretik pasatzen denean hasiko dira LH6ko ikasleak lasterka, eta mailaz maila ibilbidera batzen joango dira gainontzeko mailetako ikasleak ere. Korrika nagusia Perez Arregitik Lasao aldera joatean, Korrika Txikia Enparan kaletik plazarantz joango da. Ondoren, hiru ikastetxeetako ordezkariak udaletxera igoko dira Korrikaren mezua irakurtzera, eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin batera, kioskoan kantuan emango diote amaiera Korrika Txikiari.

Haur Hezkuntzako ikasleek berriz, beren ikastetxeetan egingo dute Korrika Txikia. Gazteria Sailak, hiru ikastetxeek eta musika eskolak elkarlanean antolatu dute aurtengo egitasmoa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide