21. Korrika, bihar, hilak 12, iritsiko da Azpeitira 09:24an. Munategi aurrean hartuko dute lekukoa lehen korrikalariek eta herrigunerantz jarraituko dute. Herriko kaleetatik lasterka ibili ostean, Lasao aldetik kostaldera joango da Korrika.
Dozenaka eragilek eramango dute lekukoa ibilbide osoan zehar.
Gaztetxoenak ere prest
Herriko ikastetxeek ere bat egingo dute euskararen aldeko aldarriarekin. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleak Korrika nagusiaren atzetik ibiliko dira lasterka zenbait lekutan. Korrika anbulatorio paretik pasatzen denean hasiko dira LH6ko ikasleak lasterka, eta mailaz maila ibilbidera batzen joango dira gainontzeko mailetako ikasleak ere. Korrika nagusia Perez Arregitik Lasao aldera joatean, Korrika Txikia Enparan kaletik plazarantz joango da. Ondoren, hiru ikastetxeetako ordezkariak udaletxera igoko dira Korrikaren mezua irakurtzera, eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleekin batera, kioskoan kantuan emango diote amaiera Korrika Txikiari.
Haur Hezkuntzako ikasleek berriz, beren ikastetxeetan egingo dute Korrika Txikia. Gazteria Sailak, hiru ikastetxeek eta musika eskolak elkarlanean antolatu dute aurtengo egitasmoa.
Garestik Gasteiza, Klika
Apirilaren 4an hasi zen Korrikaren aurtengo edizioa Garesen, eta apirilaren 14an amaituko da aurtengo edizioa, Gasteizen. Aurtengo leloa Klika da.