Patata tortilla vs. tortilla patata

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Aguado 2019ko api. 16a, 15:31

Olatz Aguadok Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Zeinen gustura irakurtzen dudan Berria egunkaria. Ez dakit zer dislexia mota izango dudan, baina egunkariari lotutakoa badut, behintzat. Egunero, astelehena salbu, Berria edo bestelako egunkari bat hartzen badut atzekoz aurrera hasten eta amaitzen dut. Baina xelebrekeria zelakoan edo hala zela ikusarazi nahi zidatelako, dislexia arraro bat nuelakoan banengoen ere, bakarra ez naizela konturatu naiz. Patata tortilla edo tortilla patata gauza bera direla, alegia!

Xelebrekeria ikusi nahi duenarentzat beti izango da bat xelebre, eta ez duzu, gainera, ideia horretatik aterako. Benetan izorratzen nauena, ordea, ez da besteak nitaz edo beste batez izan dezakeen irudi okerra, bai zera! Begirada zorrozten dutenek xelebrekeriak jakinaren gainean, arreta pizteko edo ezberdintze aldera, egiten direla pentsatzea da benetan izorratzen nauena.

Gaur ere, Iñaki Segurola idazle eta niretzat pentsalari ausarta denaren iritzi artikulua irakurri dut, bere idatziek sortzen didaten gose punttuarekin. "Bua, ze ona!", pentsatu eta oharkabean ahotik atera zait, nire aurrean zegoen laguna "zer?" galdetzera behartuz. Irakurri berri dudan iritzi artikulua aipatu diot, eta nire iritzia bota ere bai, inertzia aprobetxatuz.

Zein da xelebrea?

Eta nire lagunak zer esango, eta: "Bai, bai... Baina xelebre bat izango dun hori, e!".  Lagunarekin haserretzea ezinezkoa zaidanez (honekin behintzat), zera erantzun diot nik: "Ba, eskerrak Azpeitiko 'xelebreek' herri honi kolorea ematen dioten. Horiengatik ez balitz, zuri-beltzean bizitzera kondenatuak geundeke!". Hori ere barru-barrutik atera zait, nondik, bestela, horrelakorik? Lagunak niri kontra ez egiteagatik, edo kontrakorik esatera ausartu ez delako, edo auskalo zergatik, arrazoia eman dit.

Betidanik poztu izan naute inguruan izan ditudan "xelebreek", arrazoi askorengatik: berezko sormena dutelako, benetakoak direlako, bizitzeko modu eta bizimodu berrietara irekiak daudelako, beraien buruaz barre egiten lehenak direlako eta beraiekin barre egitera kutsatzen nautelako, bizi poza begietan daramatelako, joerei jaramonik egin gabe libre bizi direlako... maiteko ditut beti xelebre guztiak!

Baina askok uko egiten dien xelebre horiengatik ez balitz, herri hau kolore bakarrekoa edo zuri-beltzekoa litzateke. Eta xelebrea bada eta diruz eskas badabil, zer esanik ez. Gurean onartzearekin ahatz dadila, quita-quita!

Gure herriak bere berezitasunak ditu, badu bere historia, kultura, festa, ohitura, inazioak, zapoa, armarria, hizkera... Eta horiekin batera gaude herritarrak eta horien ezaugarriak: klasikoak, zapo-zapoak, Xoxotera egunero joaten direnak, rallyak eta BMWak maite dituztenak, pintxo-potearen fanak direnak, sokamutur zale amorratuak... Horietatik zein da eta zein ez da xelebrea?

Xelebre hitza garai bateko sunormal edo marikoia hitzen pare darabilte oraindik ere  batzuek. Sakondu dezagun begirada, alda dezagun gure hiztegia, aberas gaitezen besteengandik, zabal gaitezen ingurura denok baitugu zerbait besteengandik ikasteko eta desikasteko! Gora aniztasuna!

Oharra: nahi duenak irakur dezala idatzia, nahi duen bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide