Udal eta foru hauteskundeak 2019

EAJk udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztuko du ostiralean Basazabalen

Uztarria.eus 2019ko api. 30a, 17:53

Azpeitiko EAJren udal hauteskundeetarako zerrenda. (Argazkia: EAJ-PNV)

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztuko du EAJk ostiralean, maiatzak 3, 19:00etan, Basazabal jauregian. Amaia Etxeberria alkategaiak gidatuko du aurkezpen ekitaldia. EAJk eskerrak eman dizkio herritarrei, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan erakutsitako konfiantzagatik.

Behin hauteskunde orokorrak igarota, EAJ datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira jarri da. Hain zuzen ere, ostiralean, maiatzak 3, egingo dute hautes zerrendaren aurkezpen ekitaldia Basazabal jauregian, 19:00etan hasita. Amaia Etxeberria Azpeitiko EAJren zerrendaburuak gidatuko du ekitaldia. EAJk aurkezpenera bertaratzeko deia egin die herritarrei.

EAJk prentsa ohar baten bidez adierazi du talde "sendoa" osatu duela "Azpeitiaren etorkizuna aldatzeko erronkari" heltzeko. Taldearen "esperientzia, aniztasuna, berrikuntza, lanerako gogoa, ilusioa eta gaitasun handia" azpimarratu dute jeltzaleek, eta talde "irmo eta kohesionatua" eratu dutela gaineratu dute. Haien arabera, hainbat alorretan "esperientzia eta prestakuntza" duten herritarrekin osatu nahi izan dute hautes zerrenda, Azpeitia "herri sendoa" izan dadin lan egingo duten lagunekin, hain zuzen ere.

Honako kide hauek osatzen dute EAJren hauteskundeetarako taldea: Antonio Gallarin, Iñaki Sagarzazu, Juan Mari Gajate, Aritz Ansorregi, Ane Gil, Jon Beristain, Izaskun Abaunz, Rebeka Larrañaga, Amaia Etxeberria, Ander Ugarte, Aritz Azpiazu, Alberto Frantzesena, Mamen Alberdi, Beatriz Prat, Nerea Etxeberria, Jabier Larrañaga, Maria Karmen Arozena. (Argazkian, ezkerretik eskuinera)

Herritarrei eskerrak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan azpeitiarrek alderdiari emandako konfiantza eskertu nahi izan du EAJk, eta esan du konfiantza horrek emandako indarrez baliatuko dela ardurari "onena emanez" erantzuteko. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide