Goikoetxek erraz irabazi du Izeta IV.aren aurkako apustua

Uztarria.eus 2019ko mai. 4a, 23:44

Bi harri-jasotzaileren arteko apustua izan da gaur Azpeitiko zezen plazan. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra eta Imanol Albizu Goikoetxe elgetarra aritu dira nor baino nor, 125 kiloko kubikoa hamarna minutuko hiru txandatan zeinek gehiagotan altxatu. Eta erraz, bost altxaldiko aldearekin, Goikoetxe nagusitu da erronkan; zarauztarrak 116 aldiz altxatu du harria, eta elgetarrak 121 aldiz. 

Izeta IV.a izan da lanekin hasten lehena, eta aurreneko tandan 40 aldiz jaso du harria. Haren atzetik egin ditu lanak Goikoetxek, eta hark 41 altxaldi egin ditu. Bigarren tandan, nabari zitzaion Izeta IV.ari kostatzen ari zitzaiola, eta 39 aldiz jaso du harria; elgetarrak, berriz, 40 altxaldi egin ditu. Azken tandan, 37 baleko altxaldi egin ditu zarauztarrak -beste bat baliogabea izan da-, eta indartsu jarraitzen zuen Goikoetxek oraindik; hark beste 40 altxaldi egin ditu. 

Harri-jasotzaileak pisatu egin dira probarako, eta bien artean badago aldea. Izeta IV.ak 90 kiloko pisua du, eta Goikoetxek 113koa. Zarauztarrak 33 urte ditu, eta 1,75 metro luze da; elgetarrak, berriz, 31 urte ditu eta 1,83 metroko altuera du. 

Erronka amaitzean, elkar besarkatu dira bi harri-jasotzaileak. Proba gogorra izan da gaurkoa, eta eguraldi txarra izanagatik, jende ugari bildu da zezen plazan. Apusturako 6.000 euro jarri ditu alde bakoitzak, eta beraz, 12.000 euroko diru poltsa bereganatu du Goikoetxek. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide