Ekoizpen eta kontsumo jasangarria hizpide, herriko ikasleak udaletxean izan dira

Uztarria.eus

Atzo, osteguna, Agenda 21 egitasmoaren baitan, herriko ikastetxeetako ikasleek ekoizpen eta kontsumo jasangarriaren aldeko ekarpenak egin zituzten udaletxean. Hainbat jarduera egin dituzte aurten horren harira, eta ikusitakoarekin diagnostiko bat egin zuten ikasleek. Azpeitia herri jasangarri izan dadin hobekuntza neurriak proposatu zizkieten ikasleek Eneko Etxeberria alkateari eta Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziari. 

Horren ostean, ikasleek mailaz maila jasotako ekarpenak egin zituzten; besteak beste, herritarren kontsumo ohiturak aztertzea proposatu zuten Lehen Hezkuntzako ikasleek, Bigarren Hezkuntzako ikasleek merkataritza elkarteak banatuko dituen poltsetan leloak jartzea proposatu zuten, eta Batxilergoko ikasleek erabiltzen ez ditugun arropak eta oinetakoak kudeatzeko herrian dauden aukerak ikertu behar direla azpimarratu zuten.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide