Udal eta foru hauteskundean nahiz Europako bozak ate joka dira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren edo arazo fisikoak dituzten herritarrek bihar, osteguna, izango dute posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna. Egoeraren arabera, desberdina da posta bidezko boza eskatzeko prozedura.
Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo baina Espainiako mugen barruan bizi diren biztanleek Correosen bulegoren batera joan beharko dute boza emateko paperak eskatzera, eta NANa, pasaportea edo gidabaimena eta errolda agiria aurkeztu behar dituzte horiek bertan. Izapideak eginda, beharrezko egiaztagiria bidaliko diote herritarrari une horretako bizitokira. Paper horiek eta botoa eraman beharko dituzte ondoren Correosera maiatzaren 24a baino lehen, hautes-mahaiaren helbidea duen gutun azalean sartuta. Gutun hori ziurtatuta bidaltzea beharrezkoa da, hala ez daudenak baliogabetzat hartuko dituztelako.
Gaixotasun edo gabeziaren bat duten pertsonek prozesu bera jarraitu beharko dute, baina horiek ziurtagiri bat gehiago aurkeztu behar dute beraien egoera frogatzeko. Hori hala izanik, notario bat joango zaie etxera, gabezia hori frogatzera, eta senideren edo tutoreren bati emango diote izapideak egiteko eta boza bidaltzeko baimena. Horiek ere maiatzaren 24a izango dute boza emateko azken eguna.
Espainiatik kanpo bizi diren pertsonek, berriz, apirilaren 28ra arte zuten boza eskatzeko aukera.
Laguntza, Bilgunean eta Batzokian
Azpeitiko EH Bildu eta EAJ posta bidezko boza eman duten herritarrei laguntza eskaintzen ari dira egunotan. EH Bilduk Erdikalean duen Bilgunean ari da zerbitzua eskaintzen egunero; gaur eta bihar zabalik izango da, 17:30etik 20:00etara. EAJ ere ari da botoa posta bidez eman nahi duten herritarrei laguntza eskaintzen. Hain zuzen ere, Batzokian eskaintzen dute jeltzaleek laguntza, eta gaur eta bihar ere han izango dira 18:30etik 22:00etara bitartean.