Disdira Bitxitegia ISB taldeak Espainiako EBA Ligara igotzeko txartela lortu du

Uztarria.eus 2019ko mai. 19a, 19:45

Iraurgi saskibaloi klubeko gizonezkoen bigarren taldeak Espainiako EBA Ligara igotzeko aukera lortu du. Lehen Maila Nazionaleko Disdira Bitxitegia ISB taldeak Igoera Faseko finala irabazi du Azkoitian, Hernaniko Tecnunen kontra. Irabazi ondoren Eneko Irulegi taldearen kapitainak adierazi duenez, "ondo merezitako" garaipena izan da. Gaur, igandea, 19:30ean taldeari harrera egingo dio Azpeitiko Udalak, udaletxean.

Saskibaloiko Lehen Maila Nazionaleko Igoera Faseko finala irabazi du gaur Disdira Bitxikitegia ISBk, Azkoitiko kiroldegian. Hernaniko Tecnunen aurka etxeko taldea izan da nagusi, 74-65 eginda. Hala, David Rodriguezek gidatzen duen Iraurgiko gizonezkoen bigarren taldeak Lehen Maila Nazionaletik EBA Ligara igotzeko txartela eskuratu du. Igoera Faseko finala ikusteko, jende asko bildu da Azkoitiko kiroldegian. Gaur, 19:30ean, talde irabazleari harrera egingo dio Azpeitiko Udalak, udaletxean.

Finala bukatu ondoren, Eneko Irulegi Disdira Bitxitegia ISBko kapitainak adierazpen batzuk egin ditu, eta oso pozik daudela adierazi du. Haren arabera "asko sufritutako asteburua izan da, baina denboraldi oso-oso ona egin dugu, eta merezita genuen irabaztea". Orain, maila bat gorago jokatzea beren esku ez dagoela esan du Irulegik: "Gure esku ez dago datorren denboraldian EBA LIgan jokatzea, erabaki horiek beste batzuk hartu behar dituztelako. Baina, nik uste dut, denboraldi honetan nahiko meritu egin ditugula eta merezi dugula EBAn jokatzea".

Iraurgiko gizonezkoen talde nagusia, Juaristi ISB, Espainiako Zilarreko LEB Ligan aritu da azkenengo denboraldian; hain zuzen ere, EBA baino maila bat goragokoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide