Udal eta foru hauteskundeak 2019

Herritarrak hasi dira botoa ematen

Uztarria.eus 2019ko mai. 26a, 15:14

Hemezortzi mahaiak normaltasunez eratu ostean, 09:00etan zabaldu dituzte herriko hautesleku guztiak. Gaur, igandea, udal eta foru hauteskundeak nahiz Europako bozak dira, eta Azpeitian 11.231 herritarrek dute botoa emateko aukera. Hauteslekuak ireki dituztenetik herritar ugari joan da botoa ematera; une batzuetan ilarak ere sortu dira mahaietan. Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak 12:00etan eman du boza Oktogonoan, eta handik orduerdira leku berean bozkatu du Amaia Etxeberria EAJren alkategaiak. Udal hauteskundeetara aurkeztu den hirugarren hautagaitza PSE-EErena da, baina Oscar Murillo zerrendaburua ez da Azpeitiko bizilaguna.

Gaurko hauteskundeetako parte-hartze datuak 14:00etan eta 18:00etan emango dituzte, eta 20:00etan itxiko dituzte hauteslekuak. Ondoren hasiko dira bozak kontatzen: lehenik Europako hauteskundeetakoak zenbatuko dituzte; herrietakoak gero; eta foru bozetakoak azkenik. Uztarria.eus-ek datuen berri emango du gaur egun osoan zehar, baita gauean ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide