Udal eta foru hauteskundeak 2019

18:00ak bitartean, erroldaren %56,12k eman du botoa

Uztarria.eus 2019ko mai. 26a, 20:44

Urrestillako hauteslekuko irudia.

Azpeitian botoa ematera deituta zeuden herritaren %56,12k eman dute udal hautetsiak aukeratzeko botoa; hau da, 6.306 herritarrek. 2015eko udal bozetan, erroldaren %51,63k eman zuten botoa ordu horretara bitartean, eta beraz, 4,49 puntu igo da parte-hartze datua.

Espainiako Barne Ministerioak 18:00etan jakinarazi ditu udal, foru eta Europako hauteskundeetako eguneko bigarren parte-hartze datuak. Azpeitian botoa ematera deituta zeuden herritaren %56,12k eman dute udal hautetsiak aukeratzeko botoa ordu horretara bitartean; hau da, 6.306 herritarrek. 2015eko udal bozetan, erroldaren %51,63k eman zuten botoa 18:00etara bitartean, eta beraz, nabarmen igo da parte-hartze datua: hain zuzen ere, 4,49 puntu hazi da. Eguerdian, %41,95 zen parte-hartze datua.

Foru hauteskundeetako parte-hartze datuak ez dituzte jakinarazi oraindik; Europakoak bai, ordea. Ikaragarri igo da Europako bozetako parte-hartzea: botoa ematera deituta zeudenen %55,52k eman dute botoa 18:00etara bitartean. Duela bost urte izan ziren azkenekoz Europako hauteskundeak, eta orduan, %34,49k eman zuten botoa arratsaldera bitartean. Beraz, 21,03 puntu hazi da parte-hartzea.

Azpeitian 11.327 herritarrek dute botoa emateko aukera, eta horiek 20:00ak arte izango dute bozkatzeko aukera, orduan itxiko baitituzte hauteslekuak. Ondoren hasiko dira bozak kontatzen: lehenik Europako hauteskundeetakoak zenbatuko dituzte; herrietakoak gero; eta foru bozetakoak azkenik. Uztarria.eus-ek datuen berri emango du gaur egun osoan zehar, baita gauean ere.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide