Udal eta foru hauteskundeak 2019

EH Bilduk gehiengo osoa berretsi du udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2019ko mai. 27a, 00:17

Nagore Alkorta eta Eneko Etxeberria, emaitzak jakin berritan.

Botoen %57,11 lortu ditu koalizioak. EAJ izan da bigarren indarra, bozen %38,49 lortuta. Udalean hamar zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta zazpi EAJk, aurreko agintaldian moduan. PSE-EEk ez du ordezkaritzarik lortu Udalean. Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea 2019-2023 agintaldian.

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Azpeitian. Gehiengo osoa berretsi du, botoen %57,11 lortuta (4.489 boto). EAJk, berriz, bozen %38,49 jaso ditu; 3.025 boto. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko da, horrenbestez, Udala datozen lau urteetan: EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu eta EAJk zazpi, 2015-2019 agintaldian bezalaxe. Beraz, Nagore Alkorta izango da Azpeitiko alkatea 2019-2022 agintaldian. Kargu-hartze ekitaldia ekainaren 15ean, larunbatez, izango da.

Zerrenda aurkeztu duen hirugarren alderdiak, PSE-EEk, botoen %3,2 jaso ditu (252 boz). Parte-hartzea orain dela lau urteko udal bozetakoa baino handiagoa izan da; izan ere, %29,29koa izan da abstentzioa gaur, eta %34,17koa izan zen 2015ean. 106 izan dira boto zuriak (%1,18) eta 82 baliogabeak (%1,03).

Nagore Alkorta EH Bilduren zerrendaburuak eta datorren agintaldian Azpeitiko alkate izango denak "oso hunkituta" dagoela esan dio Uztarria.eus-i, udal bozen emaitzak jakin berritan. Haren esanetan, EH Bilduk emaitza "oso onak" lortu ditu: "Herritarrek Bilduk eta EH Bilduk azken zortzi urteotan egindako kudeaketa zoriondu dute hauteskundeetan, baita aurkeztu dugun taldea ere". Alkortak "poz-pozik" zeudela esanda, herriaren alde lan egiteko "gogoz eta ilusioz" daudela adierazi du. Gainera, hark eskerrak eman dizkie azpeitiarrei.

Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuak aitortu du emaitzak ez direla izan esperotakoak, baina adierazi du horrek ez diela lanerako gogorik eta ilusiorik zapuztu. "Beti esan dugu guretzat lehentasuna Azpeitia eta azpeitiarrak direla, eta horretarako lan egin dugu orain arte ere. Aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, Azpeitiak merezi duelako eta hori delako gure lehenetasuna". Etxeberriak eskerrak eman dizkie atzo botoa ematera joan ziren herritar guztiei, baita EAJren aldeko boza eman zuten azpeitiarrei nahiz azken asteetan babesa agertu diotenei: "Zuen hitza ezinbestekoa da, zuek zaretelako Azpeitia osatzen duzuenak".

Honako hauek izango dira Azpeitiko Udaleko EH Bilduren eta EAJren hautetsiak 2019-2023 agintaldian:

Joera bera Europako bozetan

Udal hauteskundeetan bezala, Europako parlamentua osatzeko bozetan ere EH Bildu-Orain Errepublika izan da garaile Azpeitia. 3.552 boto lortu ditu koalizioak (%48,16), eta bigarren indarra izan da EAJ, 2.950 botorekin (%40). PSOE alderdiak, berriz, 301 boto eskuratu ditu (%4,08), eta haren atzetik 239 boto jaso ditu Elkarrekin-Podemosek (%324); PPk, bestalde, 107 boto lortu ditu (%1,45). Azpeitian %69,85eko parte hartzea izan da Europako hauteskundeetan.

Atzera begira

Duela lau urte ere, gehiengo osoarekin irabazi zituen EH Bilduk udal hauteskundeak Azpeitian. 10 zinegotzi lortu zituen orduan ere koalizioak, 3.760 botorekin (%53,45). Bigarren indarra izan zen EAJ, eta zazpi zinegotzi eta 2.980 boz (%42,42) eskuratu zituen. PSE-EE eta PP alderdiak ere aurkeztu ziren udal hauteskundeetara, baina ez zuten Azpeitiko Udalean hautetsirik lortu.

11.106 lagun zeuden botoa ematera deituta, eta horietatik 7.311 azpeitiarrek eman zuten botoa, eta abstentzioa %34,17koa izan zen. 2015 eta 2019 urteetako udal hauteskundeetako datuak alderatuz gero, boto kopuruan gora egin du EH Bilduk: 729 boto gehiago jaso ditu –3.760 boto eskuratu zituen 2015ean–. Alderdi jeltzaleak, ere gora egin du, modu xumeagoan bada ere: jeltzaleek 2015eko udal bozetan baino 41 boz gehiago jaso dituzte –2015ean 2.984 boto jaso zituzten–.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide