Atzo, udal bozetako emaitzak jakin berritan –EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak–, Nagore Alkorta EH Bilduren zerrendaburu eta 2019-2022 agintaldian alkate izango denarekin nahiz Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuarekin hitz egin zuen Uztarria.eus-ek. Biek ala biek esker hitzak izan zituzten herritarrentzat, eta Alkorta pozarren agertu zen, EH Bilduk gehiengo osoa berretsi baitzuen atzokoan –honako bideo honetan ikus daitezke Alkortaren lehen adierazpenak–. Haren esanetan, EH Bilduk emaitza "oso onak" lortu ditu: "Herritarrek Bilduk eta EH Bilduk azken zortzi urteotan egindako kudeaketa zoriondu dute hauteskundeetan, baita aurkeztu dugun taldea ere". Alkortak "poz-pozik" zeudela esanda, herriaren alde lan egiteko "gogoz eta ilusioz" daudela adierazi du.
Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuak, berriz, emaitzak ez direla esperotakoak izan adierazi zion Uztarria.eus-i, baina hark jakinarazi zuen horrek ez diela lanerako gogorik eta ilusiorik zapuztu. "Beti esan dugu guretzat lehentasuna Azpeitia eta azpeitiarrak direla, eta horretarako lan egin dugu orain arte ere. Aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, Azpeitiak merezi duelako eta hori delako gure lehenetasuna".
Atzo gauean eta gaur goizean hainbat mezu kaleratu dituzte Etxeberriak eta Alkortak Twitterren. Honako hauek dira horiek idatzi dituzten mezuak: