Politika

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko mai. 28a, 11:09

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Ez naiz politikoa baina politikak erakartzen nau. Politika, niretzat, eguneroko jarduna da; horixe dena edo horixe bakarrik. Politikoki neure buruari etiketa bat jartzekotan, ez dakit zer erantzugo nukeen. Eskuineko, ezkertiar, zentroko edo erdibideko; etiketa horiekin ez naiz batere eroso sentitzen. Futbolean nire bihotza zulatu zuen geziaren jabearekin muturtuta banago, atera kontuak alderdi politikoekin nola nagoen... Badakit badakizula kontraesanez beteriko gizakia naizela, talde lanean sinesten dut baina taldeetan ez, gizabanakoetan dut fedea. Harrapazan/k!

Kontua da gure alkate jaunak agintean dela jasoko duen Uztarriaren azken zenbakia dela hau. Historiara pasatuko den alkatea, bera baita atxuiatarrok, Atxuiako tribuak, Azpeitiko herrian agintean izan dugun aurreneko natiboa. Leoren eta Inaxitaren semea, Albinaren eta Pedroren biloba. Loiolatar, urrestildar, oñaztar, sanjuandegitar, izarraizpekotar eta abarren gainetik, bi agintaldiz, leinu eta tribu guztiak batzen gaituen Azpeitia maite honetan aginte makila izan duen gizona. Eta historia bi aldiz egingo duena, bera izango baita, Inaxitaren eta Leoren semea, aurreneko aldiz aginte makila emakume baten esku utziko duena. Esaten hasita, bazen garaia.

Atxuiatarron tribukoak urbean egin duen lanaz bakoitzak bere iritzia izango du. Esango nuke ez duela aparteko hondamendirik eragin, herriak bere lekuan jarraitzen duela. Erabaki onak hartuko zituen, okerrak ere bai. Hori zuek epaitu. Nik, emandako tratuaz, esker ona besterik ez dut. Atea jo diodan bakoitzean, atea irekita egon da. Hori bai, jakin beza Enekok, aginte makila uzten duenean Atxuiako tribuko jauna Atxuian sortu zena dela... eta ministro bila ez daukala urrutira joan beharrik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide