Elorrik izena aldatu nahi du. Ez zaio gustatzen. Alferrik da hari esatea elorria dela udaberrian loratzen lehenetakoa, pertsonen osasunarentzako –bihotzarentzako eta odol zirkulaziorako batez ere– ona dela, arantzak iltzeak bezain gogorrak dauzkala, suari jaten emanez gero burdina ere urtzeko gauza dela. Alferrik aipatuko diozu Bitoriano Gandiagaren Elorri liburua, pertsonak elorria modukoak –gure arantza, gure oker, gure lore zuri eder– garela. Elorrik 9 urte ditu, eta ez dago poemetarako. Lagun denek Elorrio deitzen diotelako. Gehienek ez dute elorri arbolarik ezagutzen; eta, jakina, ez dakite elorri arra eta emea daudenik. Elorrik ere nahiago luke ez jakin. Normala litzateke bere inguruan. Eta berak normala izan nahi du, gauza guztien gainetik.
Jakin-mina ere badu, baina. Sahats arra eta emea bereizteko lana jarri dio zaharrak, Kizkitzatik Ezkiorako ibilaldian. Ez du asmatu, baina ikasi du nolakoa den sahatsa, zertarako erabiltzen zen aitonaren ume aroan –arkumeei, antxumeei eta feriara eramateko gainerako animaliei hankak zauririk gabe lotzeko, besteak beste–, badela dantza talde bat baino zerbait gehiago. Aspaldi ahantzitakoak berriz gogoratzeko aitzakia eman dit niri, bide batez.
Abiada hartu duenez, gaitzak jotako pinu hutsune nabarretaz hasi da zaharra; hutsune hori betetzen hasi diren eukalipto sailetaz; pinuen aurreko gaztainadietaz; itsasontziak egiteko duela hainbat mende inguruotan eraitsitako pagoetaz; eta pasatu berri dugun errebueltako hurritz adarrak hain garai eta modu traketsean moztu dituenaren mozdadeaz. "Aizu, bada aspaldi ikusi ez dudan arbola bat: zumandorra. Zuritu, eta otarrei kolore punttu bat emateko erabiltzen genuen". Mailuki gorri-gorri bat ikusi du Elorrik eskuineko pendizean, eta bukatu dira ikasgaiak. Goseak gaude denok.
Etxeratzean
Etxera bueltan, Elorrik telebista piztu du. Nik, ordenagailua. Interneten hasi naiz zumandorraren bila. Bitartean, Parisko Notre Dame katedraleko sabairako hagetarako arbolak aurkitzea ia ezinezkoa izango dela esaten ari da aditu bat telebistan: "Eraikinaren planoak egon badaude, eta oso zehatzak, baina ez daukagu duela zazpi-zortzi mendeko basorik, kalitate horretako materiala lortzeko; ezta orduko zurginen jakituriarik, material hori hain modu eraginkorrean lantzeko". Antzeko kontuak entzunak ditugu Pasaiako Albaolan egiten ari diren San Juan baleontziaren erreplikaren inguruan.
Telesforo Aranzadiren hiztegi bat topatu dit Google-k. Zumadorra-tik zimaldorra-ra bidali nau. Eta hor: "Arbusto no bien determinado ¿aligustre?, ¿laureola? ¿cornejo? ¿bonetero? Véase Zuandurra, Zumandorra = arbusto del que eran las varas con que azotaron a Jesús; véase también Judasa". Eta Judasa, Elosuan, Cornejo.
Frantsesek dirutza jarriko omen dute, sugarrek elorri arantza bat bezala irentsi eta eraitsitako Notre Dameko dorrearen kontura beren grandeur-a berrindartzeko. Murumendiko Gure Damaren –eta gure natur-kultur ondarearen– basoak kiskaliko balira, ez dakit hainbesteko galera eta berreskuratze premiarik sentituko genukeen. Planoak gordetzeko joerarik ez dugu erakutsi, behintzat, orain artean.
Eta Elorrik elorri izateko gogorik gabe segitzen du