Musua

Erabiltzailearen aurpegia Irati Aranguren 2019ko eka. 3a, 11:05

Irati Arangurenek Uztarria aldizkariaren 2019ko maiatzeko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Gogoko dut begiak behatzea, isiltasunean asko hitz egiten dute. Gogoko dut bere ustez barruko korapiloak gordetzen dabilen horri, begietara begiratu eta sentimenduak nahastea. Bereziak gure begi eta begiradak! Baina zergatik ixten ditugu begiak amets egitean, desioak eskatzean, besarkatzean edo negar egitean? Eta zergatik ixten ditugu begiak musu ematean? Bizitzaren plazera ikusi ordez, sentitu egiten delako!

Apirilaren 13an izan zen Musuaren Nazioarteko Eguna. Itxi begiak eta imajina ezazu eman edo jaso nahiko zenukeen musua ­–aitonarena, amarena... lepoan, masailean, ezpainetan... kalean, ohean, itsasertzean...–. Nahi ote zenuke muin hori 50 ordu baino luzeagoa izatea? Badira bai, World Record Guiness dela-eta orduak eta orduak ezpainak elkarri lotuta igaro dituzten bikoteak. Thailandian antolatu zuten lehendabiziko aldiz musurik luzeena emateko lehiaketa; 46 ordukoa izan zen garaile. Urtebete beranduago, bikote berak, munduko errekorra hautsi zuen 58 orduko muina eman ostean.

Musu ematea osasungarria dela dio zientziak. Ezpain jokoan oxitozina, dopamina, endorfina, epinefrina, serotonina, testosterona eta beste zenbait hormona askatzen dira; horiek gugan maitasuna, plazera, motibazioa zein sexurako grina sortzen dute. Baina posible ote 58 orduz gozamena eta desioa sentitzea? Imajinatze hutsak hotzikara sortzen dit. Hotza eta sentimendurik gabea iruditzen zait erlojuari so emaniko musu hori. Nire gertuko bati entzun nion behin: "Ez al da, bada, musurik ederrena denbora gelditzen duena?". Erantzunik behar ez duen galdera!

Erlojuak ezkutatu eta bizitza sentituz goza dezagula! Eta gure osasunaren alde, izan dezagula begiak itxita ezpainekin jolasteko aukera. Apirilean emaniko musu harengatik, topa!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide