Joseba Albizuk Gigante de Piedra mendi bizikletako ultramaratoia irabazi du gaur, zapatua, l’Alcoran (Castello, Herrialde Katalanak). Azpeitiarrak hamar ordu eta bederatzi minutu behar izan ditu 200 kilometroko ibilbidea egin eta helmugara iristeko. Teruel eta Castello arteko ibilbideak 6.000 metroko malda zuen, eta txirrindulariek bi mendate igo behar izan dituzte: Pelejero eta Cabeza de las Cruzes. 400 txirrindulari inguruk parte hartu dute Gigante de Piedra probaren IX. edizioan.
Ez da Albizuk lasterketa hori irabazi duen lehen aldia; izan ere, iaz ere bera izan zen nagusi. Aurtengo moduan, orduan ere azpeitiarraren atzetik sailkatu zen Llibert Mill txirrindulari kataluniarra. Albizuk iazko denbora hobetzea lortu du: iaz baino lau bat minutu gutxiagoan bukatu du proba. Azpeitiarra Europako ultramaratoiko txapelduna da.