Berria Txapelketan ere aurrera jarraitzen du Ilunpek

Uztarria.eus 2019ko eka. 3a, 00:15

Gaurko partida bateko irudia.

Azpeitiko taldea finalerdietara sailkatu da gaur, Usurbilgo Pagazpe taldea 2 eta 1 mendean hartuta. Finalerdietan izango da, beraz, Ilunpe, eta kanporaketa horretan Tolosa izango du aurkari. Ekainaren 16an, igandez, izango da kanporaketa, ziurrenik Tolosan. Erremonteko Berria Txapelketa ere aurrera doa, eta Jagoba Labaka azpeitiarra finalerdietan izango da.

Ilunpe pilota taldeak Berria Txapelketaren finalerdietara sailkatzea lortu du gaur Hernanin (Gipuzkoa). Usurbilgo Pagazpe taldearen kontra neurtu dituzte indarrak Azpeitiko pilotariek, eta horiek 2 eta 1 nagusitu dira. Lehen norgehiagoka 22 eta 10 irabazi dute; bigarrena 22 eta 12; eta hirugarrena ezin izan dute irabazi, 10 eta 22 galdu dute. Gaurko kanporaketa irabazita, Ilunpe Berria Txapelketako finalerdietan izango da. Ekainaren 16an, igandez, jokatuko dute finalerdietako kanporaketa, Tolosaren kontra. Eta ziurrenik, Tolosan izango dira partidak.

Berria egunkariak antolatutako txapelketan Euskal Herriko pilota elkarte onenak ari dira parte hartzen, eta ekainaren 22an izango da txapelketaren finala Hernanin. Lehiaren irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelez eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen diren taldeek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.

Labaka ere aurrera

Eskuzko txapelketa ez ezik, erremonteko Berria Txapelketa ere martxan da. Azpeitiko lau kirolari hasi ziren lehian, baina bakarrak segitzen du txapelketan: Jagoba Labakak. Hain zuzen ere, Juaneneak eta Labakak lortu dute ligaxkatik finalerdietara sailkatzea. Horiek Azpirozen eta Zubiriren kontra neurtuko dituzte indarrak ekainaren 8an, zapatua, Hernaniko Galarreta frontoian. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Aldabek eta Larrañagak jokatuko dute Ansa II.aren eta Arruarteren kontra. Bi partida horiek irabazten dituzte bikoteak sailkatuko dira ekainaren 15eko finalera.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide