Ideiatik enpresara tailerraren bederatzigarren edizioa jarri dute martxan, eta dagoeneko eman daiteke saioetarako izena. Buruan ideia edo proiekturen bat duten eta hori aztertzea nahi duten lagunei zuzendutako ikastaroa izango da, eta ekintzaileek proiektuaren bideragarritasuna aztertzeaz gain, negozio bat irekitzerakoan eman beharreko pausoak zeintzuk diren ere ezagutu ahal izango dute. Bi ataletan banatuta egingo dute formakuntza: ekaineko bi astetan ideia garatu, balioztatu eta proiektua antolatuko dute –marketin eta komunikazio plana, azterketa ekonomikoa, enpresa nola sustatu Interneten...–; uztailean, berriz, enpresa sortzeko beharrezko informazioa eta ezagutzak bereganatuko dituzte parte-hartzaileek –enpresa sortzeko egin behar diren izapideak, Gizarte Segurantza, dirulaguntzak, zergak...–.
Ikastaroa Lanzituz lan sozietatearen Sortuz programaren barruan eskainiko dute, langabeek lan munduratzeko urratsak egin ditzaten. Lan sozietateen eredua hartuko dute oinarrian tailerrean, eta ekintzailetasuna bultzatuko dute. Formazioa Europako Funts Sozialak finantzatutakoa da, eta ASLEN Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan sozietateen elkarteak, Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Bazkundeak, EHUko GEZI Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Istitutuak eta Euskadiko CCOO sindikatuak parte hartu dute haren antolakuntzan.
Informazio gehiago behar duenak Iraurgi Berritzeneko 943-85 11 00 telefonora deitu (Ione Eizagirre) edo ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera mezua idatz dezake.