Betidanik bele sindromea izan dudala uste dut. Hau da, askorentzat traste zaharrak direnek, halako... nola esan, xarma edo grazia berezia dute askotan niretzat. Erabilezin diruditen arropei edo bitxiei ere halako potentzial bat topatzen diet nik. Maite ditut dir-dir eragiten didaten traste zaharrak, hondartzetako kristal leunduak, txirlak, lokarriak eta markesinetan zikinduta zein bata bestearen gainean itsatsita egoten diren zirkuko kartelak. Azken horietakoak harrapatzen ibilia ere banaiz Zestoa aldean!
Askotan aipatu dudan inperfekzio perfektuaren miresle aitortua nauzue. Bigarren eskuko dendetan eta biltegietan eroso ibili izan naiz beti; azoketan eta merkatuetan, itxitako industrialdeetan eta etxe hutsen artean. Ibilian, trebatuak ditut begiak, perretxiko zaleak bereak dituen bezala. Eta ezer gutxi erosten badut ere, lanpara tulipak, zetazko gorbatak edota lepoko bitxien bolatxoak ukituz gozatzen dut. Industrialde dekadenteetan, esaterako, erdoildutako ateei, ahaztutako txatarra txirbilei, pintada kolorgetuei, hautsitako aulkiei, inora ez doazen eta hutsik dauden hodiei, pilatutako gurpilei... argazkiak ateratzea maite dut. Kameraren laukitxoan markoa ipini, eta filtrorik gabe ateratzen ditut argazkiok; batzuetan, bat-bateko olerki bat erantsi eta igotzen ditut Instagramera. Lagun batek, eta bik, sortutako eta igotako irudien eta hitzen jokoaren xarmaz eta graziaz gozatzen dutela ere aitortu didate!
Bakoitza bere habitatean
Atzera begiratzen hasita, nire lehen udalekuetara arropaz eta badaezpadakoz beteta eraman nuen maleta adar lehorrez, harriz eta kanikaz, freskagarri tapoiz eta hegazti lumaz josita eraman nuen bueltan etxera. Niretzat altxor txikiak zirenak, etxekoentzat ezertarako balio ez zuten trasteak zirela entzun behar izaten nuen. Baina han edo hemen gordelekuren bat topatzen nien, genien.
Orain, denboraren eta pilaketaren ondorioz, beteta dut ganbara, beteta kajoiak, armairua, bitxien kaxa. Eta pixkanaka bada ere, preso eta geldirik ditudan gauzak askatzen ari naiz. Lehen nuen erosteko edo jabe egiteko grina apaldu zaidala sentitzen dut. Izan ere, denboraren poderioz, konturatu naiz gauza horiek denak beren jatorrizko lekutik aldatzeak baduela berebiziko eragina gauza beraiengan. Horrenbeste maite ditudan itsasoak ekarritako kristal leunduek dauden hondartzan dutela zentzua konturatu naiz. Izan ere, inguratzen dituen hondarrari esker dira ezberdin, eta olatuen bustiak egiten ditu zoragarri. Nire eskuetan eta potetxoan koloreetako kristaltxoek ederrak izaten jarraitzen badute ere, ez da gauza bera, alferrik da.
Antzeko zerbait gertatzen zait politikara hurbiltzen diren ausartekin. Bakoitza bere habitatean, etxe giroan, lankideekin, mendian, amama zaintzen, umeekin parkean jolasten, betiko lagunekin betiko tabernan barre batzuk botatzen ikusten ditudanean egiten dute dir-dir nire begietarako. Aldiz, atrilaren atzean neurtutako hitzaldiak ematen ikusteak, normalean janzten ez dituzten arropak jantzita, boligrafo berri-berria eskuetan dutela ikustean... lekuz kanpo ez ote daudenaren susmoa pizten zait. Baina futbol entrenatzaileek dioten moduan, futbola, futbola da; eta politika, ba horixe bera, politika.
Baina hala izaten da hauteskundero, ez da hala? Kontatutakoak kontatuta, ni ote naiz bada lekuz kanpo dagoena? Bada, hala bada, hauxe bera izango da nire lekua!