Donostiatik Bartzelonara bizikletaz, gaixotasun arraroen alde

Uztarria.eus 2019ko eka. 25a, 11:40

Elkartasuna eta Itxaropena gaixotasun arraroei laguntzeko elkarteko kide Sergio Gomezek egitasmo berri bat jarri du martxan, gaixotasun neuromuskular arraroen ikerketaren alde: Donostia, Madril eta Bartzelona artean hainbat kilometro egingo du bizikletaz, gaixotasun arraroen sentsibilizazioan eragiteko eta laguntza ekonomikoa jasotzeko. Atzo egin zuen Gomezek bizikletako lehen etapa, Donostia eta Agurain (Araba) artean. Biodonostiaren egoitzatik abiatu zen Azpeitiko bizilaguna 09:00etan, eta arratsaldean iritsi zen helmugara.

Atzo aurreneko etapa eginda, bigarrenari ekingo dio gaur; izan ere, Madrilera sei etapatan iristea aurreikusten du Gomezek: Donostia-Agurain, Agurain-Pancorbo (Burgos, Espainia), Pancorbo-Lerma (Burgos, Espainia), Lerma-Cerezo de Abajo (Segovia, Espainia), Cerezo de Abajo-San Agustin de Guadalix (Madril, Espainia) eta San Agustin de Guadalix-Madril. Ondoren, Madril eta Bartzelona arteko bidea egingo du bizikletaz, beste sei etapatan banatuta: Madril-Gajanejos (Guadalajara, Espainia), Gajanejos-Tartanedo (Guadalajara, Espainia), Tartanedo-Herrera de los Navarros (Zaragoza, Espainia), Herrera de los Navarros-Caspe (Zaragoza, Espainia), Caspe-Cambrils (Tarragona, Katalunia) eta Cambrils-Bartzelona. 1.200 bat kilometro egingo ditu guztira Gomezek, uztailaren 7a bitartean.

Joan zen ostiralean aurkeztu zuen Sergio Gomez Azpeitiko bizilagunak Elkartasuna eta Itxaropena gaixotasun arraroei laguntzeko elkarteak martxan jarri berri duen egitasmo berria, Azkoitiko Floreaga salestar ikastetxean. Ez da Gomezek halako ekimen bat egiten duen lehen aldia; izan ere, helburu bera hartuta, iazko martxoan Azpeititik Vatikanora joan zen Gomez bizikletaz.

Argazkian, Gomez atzo goizean Biodonostiako ikerlari hainbatekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide