Garaiak eta balioak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2019ko eka. 27a, 10:10

(Itziar Aranguren)

Jon Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko ekaineko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Barkatuko didazue, neure hitza irenstera nator. Egin nezakeen, baina hil honetako zutabean ez dut supermerkatu handietan ematen diren lapurretak politikoki justifikatzeko asmorik. Bi hilean behin idazten dugunon lehentasunen ordena aldakorra da egunen joana bera bezalaxe. Horregatik eutsi behar izaten diogu aurren-aurrena loa lapurtzen digunari, berritu ditzakegun hari-muturrak tiraderan gordeta utzirik.

Bizi dugun eta gaituen garaiaren seme-alabak gara den-denok. Eskala txikienera etorrita, praktikatzen ditugun jokaeretan islatzen da zer mundu klasetan bizi garen. Neuregan eta neure inguruarengan soma dezaket sakonen, eta urrunagoko esferetan frogatu, eskema berberak nola errepikatzen diren espazio gehienetan. Ez dakit zeuek ere hala bizi duzuen, baina harrigarria iruditzen zait zenbateraino bizi garen geure baitara bilduak; interes propioak noraino itsututa gauzkan. Muturreko uneetan –direla oposaketak, direla edozein diziplinatako lehiaketak, direla aspalditik itxaro ditugun datak...– nabarmen areagotzen da, gainera, aipatu joera hori. Lurretik bi metrotara dauden burbuiletan sartzen gara norbaitek, edo are, errealitateak berak burbuila ziztatu eta zoru gogorrera jaurtitzen gaituen arte. Geurekoi hutsak bihurtu gara. Sistemak garaile edo garaitu izendatzen gaitu, egolatrak eta zokoratuak behar baititu. Eta irauli beharra dago, nire iritziko, pertsona modu honetan eskasten duen antolatze-modu piramidala, baina ez da aski egiturazko arazoa dela esan, geure erantzukizunari eta etxeko lanei entzungor eginez eskuak garbitu eta lasai ederrean zabor bera erreproduzitzen jarraitzea.

"Hau holaxe den/k"

Egoa etxekotu eta kaiolatu beharreko animalia da, eta izatekotan pasieran kontuz-kontuz atera beharrekoa. Egolatrak diot egin beharrak baino izan beharrak liluratzen gaituelako. Estetika soila gara, poz iragankorra; itxuraz ondo txukundutako egongela bat gara, baina sofa azpian "oesteko bolak" ezkutatzen ditugu. Egiten dugunean fintasuna, hobekuntza eta garapena bilatu baino, egiten dugun hori errekonozitua izan dadin desio dugu. Gutxi egin eta asko jaso nahiaren kultura da nolabait, garai likidootako kultura. Eguneroko lana eta konpromisoa bigarren mailaratzen duen kultura; momentuko estasiarena, irudiarena. Lagun batek ziostan Burgosko agure batek nola kontatzen zion garai batean pertsona baten hitzak mila paperek eta sinadurak baino gehiago balio zuten. Gu garai hura ezagutu gabeak gara, baina balioetan goitik behera egin dugula ebidentzia iruditzen zait. Dekadentziaren onenean gaude, eta ez esan ezetz.

Inork pentsa lezake gogoetok hondoa jota gaudenean darabiltzagun argumentazio-manerak direla; geure egoeraren onarpenetik abiatu beharko genituzkeela analisiak, ez indignaziotik. Eta indignazioa erabiliko bagenu autokritika ariketa egiteko? Konbentzituta nago –edo nahi nuke hala izatea– bizitzaren gordinak gehienok berdintzen gaituela lurrarekin. Eta inoiz bizitzak arrakastaren aparretan jarriko bagintu, zein lokatzetatik gatozen ez ahazteko izan beharko luke. Goikoa umiltzea da behekoa ez umiliatzeko aukera bakarra. Eta alderantziz, behekoak goikoari umiliatzen ez uztea da goikoa umiltzeko aukera bakarra. Goiko eta beheko izateari utzi eta elkarren aldameneko bihurtzeko. Geure sentitzeko geureen mina, geure sentitzeko geureen poza. Zentzu benetako bakarra, hots, zentzu politikoa, orduantxe izango luke elkartasunak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide