Urrestillako sanjuanak 2019

Urrestillako sanjuanetako programa. Ekarpen bat

Julian Eizmendi 2019ko eka. 28a, 14:13

Julian Eizmendik bukatu berri diren Urrestillako San Juan festetako egitarauaren gainean idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Pasatu dira Urrestillako sanjuanak. Ekintza ugari izan ditugu, eta era guztietako jendearentzat. Ondo pasatu ditugu.

Horiek horrela, adierazi beharra daukat festetako programa irakurri nuenean bi ekitaldi islatuta ez egotea bota nuela faltan: ekainaren 14an izandako pilota partidarik ez zen azaltzen (ekainaren 15etik aurrerako ekintzak azaltzen dira, 14koa ez); eta San Juan eguneko meza nagusiaren aipamenik ere ez.

Badakit Herriko (Urrestillako) Festa Batzordeak ez dituela antolatzen ekintza horiek eta ez dela aurreneko aldia ere programan ez direla azaltzen. Baina garbi dago ekintza horiek antolatzen dituztenek sanjuanetako festen barruko ospakizun bezala antolatzen dituztela, sanjuanetan ekitaldi horietan ere parte hartzeko eta gozatzeko. Bi ekintza horiek ere badira sanjuanak, eta jaietako programaren barruan islatuta egon behar luketela deritzot.

San Juan festak, beste herrietako festa nagusiek bezalaxe, santuaren inguruko aitortzan izango zuen jatorria. Eta gaur egun ere herriko jaietan, herritar askorentzat da inportantea meza nagusian eta prozesioan parte hartzea; egun horretan, urteetako usadioari jarraituz, santua aitortzea. Herriaren parte batentzat ekitaldi garrantzitsua da, gogokoa.

Eta, festetako programak berak dioen bezala, herri osoa kontuan hartzen saiatu behar dugu. Horrela izan beharko litzateke, eta programak festaren edukiari buruzko ikuskera eta ñabardura desberdinak jaso beharko lituzke. Guztiek osatzen baitituzte sanjuanak, guztionak baitira sanjuanak.

Gora sanjuanak!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide