Gaur bukatu da Saski Summer Camp, Iraurgi Saskibaloiak antolatutako udalekuak. Eta aurrekoan Andy Panko jokalari ohia ezagutzeko parada izan bazuten, gaur beste gonbidatu berezi bat izan dute udalekuetan ibili diren gaztetxoek: Pablo Laso. Real Madril ACB ligako txapeldunaren entrenatzailea, eta besteak beste talde berean eta Baskonian aritutako jokalari ohia, arabarrak Iraurgiren udalekuetako gaztetxoekin eman du goiza; eta gaztetxoak ez ezik, heldu bat baino gehiagok ere eraman du etxera opari harekin ateratako argazki bat edo beste.
Bihar, entrenamendua
Iraurgi Saskibaloia ez dago oporretarako. Horrela, gaur bertan udalekuak agurtuta, bihar goizean gaztetxoei zuzendutako entrenamendu saioa izango da Azpeitiko kiroldegian. Hain zuzen ere, 2011. urtean jaiotako neska-mutiko guztiak daude bertara deituta, 10:00etatik 11:30era. Animatu eta etorri!