'Azpeitia, elkarrekin bizi!' prozesuko bigarren bilera egingo dute gaur

Uztarria.eus 2019ko uzt. 2a, 11:55

18:30ean elkartuko dira egitasmoan parte hartzen direnak, Basazabalen. 22 eta 60 urte bitarteko 33 lagun daude prozesuan izena emanda.

Molde berriko etxebizitzen gaineko Azpeitia, elkarrekin bizi! parte-hartze prozesua abian da joan den hilaz geroztik, eta gaur, asteartea, bigarrenez elkartuko dira egitasmoan parte hartzen diren herritarrak. 18:30ean izango da udako oporren aurreko azken bilera, Basazabal jauregian.

22 eta 60 urte bitarteko 33 lagun ari dira parte-hartzen prozesuan, eta Udalak adierazi duenez, "oinarri-oinarritik" hasi dira egitasmoak hartuko duen bidea lantzen; lehen saioan, etxebizitzen izaera orokorraz eta kokapenaz hitz egin zuten parte-hartzaileek, eta gaurko batzarrean, erabiltzaileak eta sarrera baldintzak izango dituzte hizpide. Hiritik At kooperatibak gidatzen ditu saioak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide