Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten ari da Aranzadi zientzia elkartea aurten ere, eta gune hori ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute Aranzadik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko udalek hilaren 20rako, zapatua. Herritarrak 11:00etan elkartuko dira Azkoitiko Abaraxka aterpetxearen aurrean, eta handik oinez joango dira aztarnategira. Dena den, inork Munoaundira oinez joateko arazorik balu, ibilgailuan joateko aukera izango du.
Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kideak gidatzen ditu Munoaundiko indusketak, eta hark eskainiko du bisita gidatua, euskaraz eta gaztelaniaz. Ordu erdi inguruko ibilbide "erraza" izango da Abaraxkatik Munoandira egingo dutena. Aranzadik mendiko botak edo oinetako egokiak, jaka eta ura eramatea gomendatu die bisitara joango diren herritarrei.
Joan zen astelehenaz geroztik ari dira hainbat lagun Munoaundin indusketak egiten, eta uztailaren 27ra arte ariko dira zeregin horretan. Iazko moduan, boluntarioak harresian, terrazamenduan eta bizitokietan ari dira aztarnen bila.