Badatoz Santio festak, eta horiekin batera iritsiko da hamaikagarren urtez Uztarria Komunikazio Taldearen tonbola ere. Bihar, uztailak 24, irekiko ditu ateak tonbolak, eta 19:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Santio egunean, berriz, 12:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 21:00etara zabalduko ditu ateak. Iaz bezala, Erdikaleko bigarren zenbakian jarriko du tonbolaren egoitza Uztarriak, Geu arropa dendaren pareko lokalean.
Asteburuan ere zabalik izango da; hain zuzen ere, zapatuan 18:00etatik 21:00etara egongo da irekita, eta igandean egun osoz: 12:00etatik 15:00etara eta 17:30etik 21:00etara. Ondoren, San Inazio bezperan, San Inazio egunean nahiz San Inazio bigarrenez ere zabalduko ditu ateak tonbolak: egun horietan 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00etara egongo da irekita.
Beste urte batez, komunikazio taldeak eskerrak eman nahi dizkio tonbola posible egiten duten laguntzaile guztiei. Bertan merkatarien elkarteak eta herriko hainbat saltokik, tabernek, jatetxek, ile-apaindegik, harategik, gozotegik eta abarrek babestu dute egitasmoa, eta komunikazio taldeak eskerrak eman nahi dizkie horiei guztiei. Uztarriak diru-sarrera propioak lortzeko jarri zuen martxan tonbolaren proiektua duela 11 urte, eta bizirik jarrai dezan, beharrezkoa da babesle guzti horien laguntza, baita tonbola irekita egoteko txandak egiten dituzten herritarren laguntza ere. Eskerrik asko guztiei, benetan!
Sari potoloak
Opari zerrenda luzea banatuko du komunikazio taldeak herritarren artean, hala nola telebista, bizikletak, otorduak, talasoterapia zirkuituak, ile-mozketak, produktu sortak, kirol produktuak, bidaiak, urdaiazpikoak eta abar. Oparietako asko herriko saltokiek, Bertan elkarteak, taldeek, ile-apaindegiek, tabernek nahiz jatetxeek zein eragileek musutruk eman dizkiote Uztarriari, eta komunikazio taldea oso eskertuta dago horiek denek laguntzeko erakutsi duten prestutasunagatik.
Urtero legez, bi boleto eskuratu ahal izango dira tonbolan euro baten trukean; bost eurotan, hamabi boleto; hamar eurotan, 25; eta hogei euroren trukean, 50. Saridun boletoak ez ezik, zozketarako zenbakidun txartelak ere izango dira tartean. Tonbolaren azken egunean egingo du Uztarriak zozketa, eta irabazleek hainbat opari eskuratuko dute. Saridun txartelez gain, zozketarako zenbakidunak ere ez dira gutxi izango. Bi lagunentzako bi asteburu pasa eta tablet bat izango dira azken zozketan banatuko ditugun sariak.
Honako hauek dira aurtengo tonbola babestu duten saltokiak: