Mundua txiki egin zaigu. Atxuiako naturgune babestuan jaiotakoarentzat metropolira aiton-amonak bisitatzera etortzea nahiko abentura bazen. Pentsa, Urolako trena hartu eta Donostiaraino egun pasa joatea zer izango zen.
Pertzepzio kontua. Neurriak ez dira aldatu. Adinean egin dugu aurrera. Bitartekoak ere aldatu dira. Eta urrun zegoena guztiz gerturatu zaigu. 14 urte mukizurekin, etxeko rubia badoa. Nora, eta Irlandara. Ingelesa ikastera. Bizi osoan barru-barruraino sartuta izango dudan arantza. Gabezia askoren artean gehien mintzen nauenetakoa. Hizkuntzak. Nahi eta ezin. Mundua amaiezina zenean, euskara maitea nahikoa genuen. Mundua txiki egin denean, nahi eta ezin. Inpotentzia potentziarik gorenean. Aurrez aurre duzunarekin hitz egin nahi eta ezin. Parez pare dudanak ez dakit zer sentituko duen, zer pentsatuko duen; ni neure kabian egon arren, erridikulu eta hutsaren pare sentitzen naiz.
Inpotentzia gaindituko dudalakoan nago, urdin koloreko pilularik gabe eta zientziari esker. Idatzizko munduan translatea guztiz lagungarri bazaigu (eta badu zer hobetu), ahozko burukominetarako zientziak laster eskainiko digu gailuren bat. Entzuna dut kaskezurrean txip ñimiño bat txertatu eta denok Babel aurreko arora itzultzeko moduan izango garela. Horrek ere seguru albo-kalteak izango dituela, baina globalizazioaren eta uniformizarioaren alde ona izan liteke.
Txipak txip, uztaila iritsi da, eta ondorioz, kostaldeko kolonietara joateko sasoia ere bai. Metropolikoak nortzuk diren nabaria izango da. Entzutea besterik ez.