Festa giroan murgilduta dira Azpeitian, eta asteburuan ere izango da zertaz gozatua herrian. Izan ere, bihar Presoen Eguna izango da, eta igandean, berriz, Umeen Eguna.
Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, egun osoko egitaraua prestatu du Azpeitiko Sarek. Eguerdian, mural margoketa egingo dute Erdikalean; 19:00etan, manifestazioa abiatuko da plazatik; 21:30ean, afaria eta ekitaldia egingo dituzte Azoka Plazan; eta azkenik, 23:30ean, kontzertuak izango dira txosnetan: Tximeleta eta Gorpuzkingz ariko dira zuzenean.
Datozen egunetarako iragarri dagoen eguraldiak, ordea, izan du ondoriorik astebururako ekintzetan. Izan ere, bihar arratsaldean egitekoak ziren Azpeitiko 6. Karting eta Minimotard erakustaldia bertan behera utzi dute antolatzaileek, eta irailaren 21era atzeratu dute hitzordua. Horrez gain, euriak beste hainbat ekintzatan ere izan dezake eragina. Hain zuzen ere, Kimura judo klubeko kideek erakustaldia egingo dute bihar eguerdian plazan, baina euria eginez gero, Azoka Plazara lekualdatuko dute saioa.
Igandea, umeen gozagarri
Helduentzako ez ezik, haurrentzako ekitaldiak ere prestatu dituzte astebururako. Igandean izango da txikienen eguna, eta urtero bezala, korporazio txikiaren desfilea izango da, 10:00 aldean. Gainera, Euskal Herri osoko hainbat txokotako erraldoiak elkartuko dira Azpeitian; kaleetan barrena pasieran ibili ostean, sari banaketa egingo dute plazan, eguerdian.
Kirolak ere izango du tarterik igandean, XXXIX. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria jokatuko baitute, 16:00etan Perez Arregi plazatik abiatuta. Gainera, askotariko ekitaldiak izango dira egunean zehar: haurren bazkaria, gaztetxoen kalejira, desenkajonamentua, udal bandaren pasodobleen emanaldia, umeen meza nagusia, jolasak, etab.
Ikusi astebururako prestatu duten egitaraua, hemen:
Bihar, larunbata. Presoen Eguna.
12:00. Mural margoketa, Erdikalean.
19:00. Sareren manifestazioa, plazatik abiatuta.
21:30. Kalera! afaria eta ekitaldia, Azoka Plazan.
23:30. Kontzertuak txosnetan: Tximeleta eta Gorpuzkingz.
Etzi, igandea. Umeen Eguna.
10:00. Goiz eresia, Itsasi dantza taldeak antolatuta.
Ondoren. Korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta banda gazteak lagunduta.
11:00. Umeen meza nagusia, parrokian. Juan Antxieta musika eskolako abesbatzak parte hartuko du.
12:00. Haurrentzako dantzak, plazan.
12:30. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.
14:00. Umeen bazkaria, Azoka Plazan.
16:00. Umeentzat jolasak eta kalejira.
16:00. XXXIX. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.
17:30. Gaztetxoen kalejira, Alde Zaharrean.
19:00. Desenkajonamentua, zezen plazan.
22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen emanaldia, herriko plazan.