Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, gaurko hainbat ekitaldi antolatu du Azpeitiko Sarek. Saninazioen atarian, Presoen Eguna mural bat margotuz hasi nahi zuten, baina ekitaldi hori bertan behera utzi dute euriagatik. Arratsaldean, 19:00etan, herriko plazatik irtenda manifestazioa egin dute Azpeitiko Sarek eta Kalerak elkarlanean antolatuta. Denok batera, presoak etxera! Korapiloak askatzeko unea da! lelo hartuta egin dute mobilizazioa. Plazatik irten, Loiolabideko eta Sanjuandegiko biribilguneetatik pasatu, eta Alde Zaharretik bueltan plazan bukatu dute ibilbidea.
Manifestazioaren bukaerako ekitaldian Josu Urbieta Pow eta Gotzon Aranburu presoak izan dituzte gogoan, "herriko festak gainean ditugun honetan, eta beste urte batez, bi azpeitiar horiek ezingo dute gure artean egon, Azpeititik kilometro askotara preso daudelako". Sarek presoen eskubide urraketak salatzen jarraitzeko konpromisoa duela berretsi du. "Etorkizun berri bat eraikitzeko ateak zabaldu dizkigun aro berri baten aurrean gaude, eta merezi dugun etorkizun bat eraikitzeko aukera dugu: bidegabekeria denekin amaituz, elkarbizitzan eta bakean oinarritutako etorkizuna", adierazi dute Sareko kideek. Korapiloak askatuta aurrera egiteko momentua dela aldarrikatu dute; "eskubideak, errespetua eta enpatia ardatz izanda, hain beharrezkoa dugun jendartea eraikitzeko unea da". Horretarako herritarren konpromisoa eta laguntza ezinbestekoak direla nabarmendu dute.
Presoen eskubideen alde lan egiteagatik irailean epaituko dituzten 47 lagunak ere izan dituzte gogoan; tartean, Eneko Ibarguren azpeitiarra. "Azpeitiko Sarek irmoki salatu nahi du 47 herritar horien aurkako erasoa, eta herritarrak animatu nahi ditugu horretarako deitzen diren mobilizazioetan parte hartzera, Eneko herrian nahi dugulako".
21:30ean, afaria eta ekitaldia egingo dituzte Azoka Plazan, Kalerak antolatuta. Afaltzeko 250 lagunek erosi dute txartela. Presoen Eguna bukatzeko, 23:30ean, kontzertuak izango dira txosnetan: Tximeleta eta Gorpuzkingz ariko dira zuzenean.