Nerbioak bor-bor, irribarreak ahoan eta dantzan zein kantuan. Hala zeuden ehunka lagun 12:00etarako plazan, gora begira, udaletxeari so, eguerdiko kanpaiak noiz joko zain. Baina ez dute jo. Hala ere, berehala bota dute suziria Odol Emaileen Elkarteko boluntarioek eta Lagun Onak futbol klubeko kideek, eta txupinarekin batera lehertu da festa. Herriko plaza eta inguruak arrosaz jantzi dituzte herritarrek, eta festa giroan murgildu dira haur, gazte zein helduak. Aurretik, Nagore Alkorta alkateak Marea Arroxa zoriondu du, hamar urte bete dituelako taldeak, eta haren lana goraipatu du. Era berean, Azpeitia "arrosa, urdina zein morea" dela azpimarratu du hark, eta "errespetua" eskatu du jaietarako. Horrez gain, gogoan izan ditu gaixorik daudenak, zaintza lanetan aritzen diren emakumeak, presoak zein Eneko Ibarguren auzipetua bezala "etorkizuna kolokan" dutenak.
Txupinazoaren ondoren, kalejiran ibili dira Marea Arroxa, dultzaineroak, erraldoiak, txistulariak eta banda, eta 15:00etan bazkaritarako elkartuko dira plazan. Arratsaldean, berriz, honako egitarau hau izango dute herritarrek:
15:00. Herri bazkaria, plazan.
17:00. Jolasak, txosnetan.
18:00-19:30. Bigantxak eta zezen txikiak, Done Jakue kalean.
18:00. Kantu Koloreren Honolulu emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.
18:30. Elektrotxufla elektrotxaranga.
19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan.
19:30-21:00. Burrunba elektrotxaranga.
22:00. The Potes, txosnetan.
23:00. Su festa, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.
23:30. Hesian taldearen emanaldia, plazan.
23:30. Izer eta Alabier, Olazko Andre Mariaren plazan.
01:00. Ezten Giro taldearen erromeria, txosnetan.