Miren Gorrotxategiren '33 ezkil' nobelan oinarritutako filma egingo dute

Uztarria.eus 2019ko abu. 8a, 13:32

Miren Gorrotxategi '33 ezkil'-en ale batekin, nobela aurkeztu zuen garaian.

Hil kanpaiak izena izango du. Imanol Rayok zuzenduko du eta Eneko Sagardoi, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez izango dira aktore nagusiak. Idazle azpeitiarra "oso gustura" dago bere orain arteko lan bakarra pantaila handira eramateko aukeratu dutelako.

33 ezkil, Miren Gorrotxategi azpeitiarraren lehen eleberria, zinemara eramango dute. Irailean hasiko dira grabatzen, Nafarroan, Hil kanpaiak. Gorrotxategiren liburuan oinarritutako filma euskaraz grabatuko dute eta Imanol Rayo nafarra izango da zuzendaria. Rayoren bigarre filma izango da Hil kanpaiak; aurrekoa ere, Bi anai, liburu batean oinarrituta egin zuen, Bernardo Atxagarena, kasu horretan. Eneko Sagardoi, Itziar Ituño eta Yon Gonzalez dira idazle azpeitiarraren lanean oinarrituko den pelikulan parte hartuko duten aktore nagusiak; haiekin batera lanean ariko dira Josean Bengoetxea, Itsaso Arana, Asier Hernandez eta Iñigo Aranburu ere.

Gorrotxategi, "oso gustura"

Gorrotxategik 2016ko udazkenean aurkeztu zuen 33 ezkil eta "liburua argitaratu eta laster" jarri zen berarekin harremanetan Joanes Urkixo gidoilaria, "gustatu zitzaiola eta interesa bazuela" esateko. "Urkixok ekoiztetxea-eta buruan zeuzkan ordurako". Haiekin elkartzea izan zen hurrengo pausoa eta horrela jarri zuten martxan, 2017. urtearen hasieran, orain gauzatzera doan proiektua.

Azpeitiarra "oso gustura" dago bere orain arteko lan bakarra pantaila handira eramateko aukeratu dutelako. Horrelakorik burutik ez zitzaiola pasatzen dio: "Dena batera izan zen, gainera. Liburua atera, harrera ona izan zuen, eta derrepente etorri zitzaizkidan filma egiteko aukerarekin. Hankak lurrean nituen, banekien horrelako proposamenak ez zirela beti aurrera eramaten eta tentuz hartu nuen kontua".

Kasu honetan, ordea, mamitu da proiektua, "eta orain ikusi egin behar, ea", dio Gorrotxategik. "Liburuak eta filmak ez dira beti bat etortzen, baina ikusteko gogoz nago, nola hartzen duten forma nik buruan neuzkan pertsonaia horiek". Gidoia idazten ez du parte hartu, baina "gutxi gorabehera" badaki nondik joango den filmaren istorioa. "Momentu oro informatu naute, gidoian aldaketak egin dituztenean-eta jakinaren gainean egon naiz beti. Hasiera-hasieratik galdetu zidaten ea nola nahi nuen jokatu, askatasunik ba al zuten liburuaren gainean aldaketak egiteko ala nahiago nuen filmak liburuarekiko fideltasuna mantentzea". Alde horretatik, filma 33 ezkilen moldaketa librea izango dela dio idazleak: "Esan nien nik liburua egin nuela, baina zinemagintzaz ez dudala arrastorik. Baimen osoa eman nien liburuarekin nahi zutena egiteko, beraien esku utzi nuen".

Hil kanpaiak filma nola geldituko den jakiteak ikusmina eragiten badio ere, momentu honetan badu aurreko lanik Gorrotxategik. (H)ilbeltza beka jaso berri du, eta bere bigarren eleberria izango denari forma ematen dabil (misteriozkoa izango da hori ere). "Martxan dago, aurrera doa. Datorren urteko urri aldera arteko epea dut bukatzeko", dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide