Eskerrik asko, Uztarria osatzen duzuenoi, emandako aukeragatik. Jada denboratxo bat pasatu da nigana jo eta idazteko eta marrazteko aukera eskaini zenidatenetik. Ederki asko gogoratzen dut Libre Office ireki, eta orri zuria eta ni elkarri begira egon ginen uneaz. Unea eta sentipena, bertigoaren eta errespetuaren arteko zerbait, amildegiaren sakona begi-bistan izan nuen unea, alegia.
Irakurri nauzuenok gutxi gorabehera antzemanda egongo zarete zertaz idazteko erabili dudan eskainitako aukera. Eta ez baduzue antzeman, hementxe nago nire asmoa azaltzeko. Uztarriakoek argi azaldu zidaten idazten nuenak Azpeitiarekin nolabaiteko zerikusia izan behar zuela; hitz kopuruaren zenbatekoa ere erraztu zidaten, eta maiztasuna nahiz datak aipatu, aipatu zizkidaten... Ez dizuet gezurrik esango: zintzo hasi nintzen hitza betetzen, baina nire erakoa naizenez, eta asmo txarrik gabe, ia-ia nahi dudana egin dut, natural.
Inor mindu nahi gabe, naizen bezalakoa agertzen saiatu naiz. Nire ingurukoez, haien ohiturez, politikaren eraginaz, nire ustez egiteko edo hobetzeko dauden gauzez idatzi dut; eskerrak emateko ere erabili dut idatzia, baita esku zabaltasunaz, bidaiatzearen onurez eta gertu ditugunak ezagutzeaz ere; aurreiritzien kontra ere idatzi dut sarritan, nire ametsez ari-tzeko eta maite ditudanak omentzeko erabili dut idatzia. Horrexegatik eta bihotzez, eskertzen dizuet emandako aukera. Eta noski, idatzitakoa estimatu duzuenoi ere eskertua nago!
Eskerrak, animaliei ere
Eskerrak emanda, behar bada nire azken bat-batekoa dena horren maite ditudan animaliei eskaini nahi diet. Ez, ez dira pertsonak; ez dute gu bezala hitz egiten; eta ilea ez zaie gure leku berean hazten. Baina ez zaigu inoiz ahaztu behar horiei eskerrak ematea. Ume-umetatik, besteekin arduratsu izaten erakutsi didate; bueltan ezer eskatu gabe maitatzen, gauza xumeez gozatzen, bakoitza den bezalakoa onartuz maitatzen. Baina erakutsi nahi izan didaten hori interpretatzeko, ulertzeko eta estimatzeko, lehenik animalia bakoitzaren ezberdintasunak eta berezkotasunak ezagutzea beharrezkoa zaigu, baita ezpezie berekoak izanda ere.
Guraso direnentzat eta ez direnentzat mezua: umeek animaliekiko duten berezko kuriositatea baloratu, mundua gurea eta animaliena denaren kontzientzia izan dezaten, eta ondorioz, ingurumena zaindu dezaten eta ohitura koherenteak eta jasangarriak izan ditzaten. Oporretan baserri eskoletara joan, arratsalde euritsuetan dokumentalak ikusi National Geographic-en, etxeko katu, txakur, arrain edo dortokei begira egon. Amamaren baserrira joan, arropa zaharrak jantzi eta oilategiko arrautza jan askaritan. Zerura begiratu eta txorien hegaldi akrobatikoez gozatu, begiak itxi eta haien kantuak entzun, hausnartu herrian hala moduz bizi diren animalien bizi kalitateaz, saihestu MacDonaldsera joatea eta zergatia azaldu.
Txakurtegiak goraino ditugu, animalien Garbiguneak bailiran! Zaindu maite zaituen hori! Bi pasadizo berdadero kontatuz amaitu nahiko nuke 8-9 urteko ume batek aitari –bero izugarria egiten zuen egun batean– galdetutakoa: "Aita, zergatik ez du txakurrak ahoa ixten?". Eta 10-12 urteko umeak amari: "Ama, katuak eguzkitako krema behar al du?". Ba bai, puntu horretan daude ume asko. Ez al da kezkatzekoa?