1. bertsioa: uda garaia askapen garaia da gutako askorentzat, urte osoko bizkar-makurtzearen ondotik ondo merezitako libertatea dastatzeko garaia. Goizeko bostetan esnatu, eta fundizioan urtzeak; berrogei gaixo egun bakarrean artatzeak; 6 urteko hogeita hamar ume eguna joan eta eguna etorri ahalik eta eredugarrien hezi beharrak; edo astebururo zein festa egunero modu ezin beltzagoan kobratutako lau sosen truke edataile amorratuak asetzeak zerbait ona izan behar zuten eta hori da opor-garaia. Motorra lehertu aurretik engranajea eta torlojuak olioztatu beharra makinak aurrera egingo badu. Eta horrela urtebeteko zikloa ixten da, hurrengo pit stopera arte. Metabolismo sozial zehatz honentzat oxigenoa da hainbeste merezitako opor garaia.
2.bertsioa: uda garaia askapen garaia da gutako askorentzat; urte osoko lan, ikasketa, ahalegin eta esfortzuaren ondotik hainbeste desio izan dugun garaia. Uda da lagunarteko garagardo freskoa, uda da kaleko giroaren aparretan disfrutatzea. Eguzkiaren berotasun ederrak azala erretzen duenean aftersun poteak leunki igurztea. Hondartzan urte osoko entrenamendu fisikoa antzeman dadin lan egin dut, eta orain da nire garaia. Tabernako argi koloretsuek diz-diz egingo dute beso-gihar markatuotan.
3.bertsioa: uda garaia askapen garaia da askorentzat. Urte osoan eguneroko lanez mimatu dugu gure harremana, konstantzia eta esfortzua eskaini dizkiogu, eta badirudi nekatu samartuta gaudela. Gaur egun, oso zaila da pertsona bakarrarekin soilik egotea, eta badakizu, pentsatzen dut elkarri oxigenoa eman beharko geniokeela. Ez dakit noiz arte baina uda da eta neure erara ibili nahi dut, inori azalpenik eman beharrik gabe. Gero, neguan, beheko suaren garaia iristen denean, nork daki, baliteke orduan...
4.bertsioa: uda garaia askapen garaia da batzuentzat. Guk, berriz, urte osoa apunte artean gatibu pasatzen dugu eta bi hilabete hauek zukutu behar izaten ditugu urte osorako koltxoia egiteko. Udalekuetan, tabernan, udal brigadan, haurrak zaintzen edo Eroskiko hornitzaile moduan. Uztarriako iragarkietan ingenieritza biokimikoa ikasten ari naizela jartzeak ez dit ezertarako balio, eta gutxiago EHUn ikasita; normalegia da, prestigioa falta du; ez du punchik. Askoz eraginkorragoa da 21 urteko neska azpeitiar euskalduna, eta, horrez gain, arduratsua naizela jartzea. Hori da udako lan-merkatuan realpolitik.
5.bertsioa: uda garaia beti da eten bat eguneroko zurrunbilo eroan. Neure buruarengan denbora inbertitzen dudan sasoi bakarra. Santiago bidea, Pirinioak, Nafarroako basoetara egindako txangoak… aitzakia baino ez dira. Nahi izaten dudana da neure existentziaren, bizimoduaren eta hartutako erabakien gaineko erradiografia kritikoa egitea, eta horretarako funtsezkoa zait astebete bakar-bakarrik igarotzea. Brainstorming udatiarra niretzako ezinbestekoa dela sinetsita bizi naiz, baita irailean orain arteko bizimoduarekin jarraitzea erabakitzen badut ere. Azken hori ere neure erabaki konszientea izango da, neuk norabidetzen baitut neure bizitza, udako txango barnekoiari eskerrak.
Balizko ikerketarako galderak
Urte sasoi honen gaineko ikuspegi ezberdinak dira identifikatu ditudan apurrak, eta topikoetan oinarrituak, ezinbestean.
Beste bertsio batzuk ere izan zitezkeen. Hori baino gehiago inporta zait, ordea, gehienok zer bizi-ikuskera erreproduzitzen dugun. Baliabideak baneuzka, ikerketa soziologiko bat egingo nuke, eta gazte zein ikasle prekarioak galdekatu, pentsiodunak, emakume migratzaileak eta tabernetako beharginak. Herriko errolda aztertu, errentaren araberako mailaketa egin, familien profil diferenteak hartu eta familia horietako haurrei galdetu ea uda garaia zer garai klase den eurentzako.