Dale fuego

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko uzt. 29a, 10:49

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkariaren 2019ko abuztuko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Dena dela, egoera onartu eta esker onekoa izan. Asko dakien lagunak aholkatzen didan bizitzako aurreneko lege edo agindua. Adinarena barneratzea kostatu egiten bazait ere, aspaldi onartu nuen gaztaroaren tren bizia Urbietaren geltokitik pasatu zela. Joan zen. Eta ez da itzuliko. Gazteak berarekin duen sua, gasolina eta txispa aspaldi baretu ziren nigan. Egia esan, nirea txinparta eta gasoila izan zela esango nuke. Baina bai, gazte sentitu arren ez naiz gaztea, eta hori, onartuta eta asimilatuta daukat. Sentitu eta izan, antzekoak dirudite baina oso ezberdinak dira.

No problem. Gaztaroaren sua, besteak beste, gorputzak sumatzen du. Lehen, iraganean, hormonak eta testosterona ezin orekatuta izan. Dragon Khanean bezala, etengabe, gora eta behera, dena bat-batean, guztia kolpetik. Orain, aldaketa horiek kolesterolean, hemoglobinan eta horrelakoetan gertatzen dira. Pentsatzen hasita, beti xiringa, pilula eta jarabe artean. Eta beti, edo ia beti, neurriz kanpo.

Adin kontua ez da. Batzuek beti dute arriskua. Baina udan, mama goxoa, pilula edo xiringa dela, hormona eta testosterona lurrikarak etengabeak dira. Sua, bere gorenean. Eta, suhiltzailerik gabe, sua kontrolatzen jakin behar da.

Suterik ez dugu ez nahi eta ez behar. Suterik ez gertatzeko, tatuatu burmuinean, EZ beti, beti dela EZ. Eta burmuineko garun horiek erabiliz gero, pakete, ezezkorik jaso beharrik ere ez zagok. Oso-oso ergela ez baldin ba haiz, berehala konturatuko haiz. Eskuak kieto eta mingaina goxo.

Gizatasunez jokatu eta izan zoriontsu. Opor on eta saninaziyotan, SUE. Baina suterik ez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide